Ekainaren 2an festa giroan murgilduko da Bergara Pentekoste jaixei esker. "Herriak herriarentzat eginiko festak izango direla aurreratu dezakegu, izan ere, jaiak antolatzen lagundu duten norbanako zein taldeak ugariak izan dira eta denei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Bergarar guztiok gozatu ahal izango ditugun festak prestatu dira. Txikienetik hasi eta helduengana iritsi nahi dugu, emakume zein gizonezko, bergarar eta kanpotik datozkigunentzat... guztiei tartea egiten zaie. Denontzako festen aldeko apustua baita. Denon artean egindako festak, denon artean ospatuko ditugu", agertu du Elena Lete alkateak.

Aurtengo txupinazoa herriko kirolariei eskaini nahi zaie. Bergaran kirolari asko eta onak ditugulako eta euren lan, esfortzu eta emaitzekin horrela erakusten dutelako. Goraipatu nahiko nuke, halaber, kirolean emakumezkoen presentzia gero eta handiagoa izatea. Era berean, Bergara Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldea Ohorezko Erregional mailara igo da eta beraiek izango dira jaiei hasiera emango dietenak.

Alkoholik ez, eredu izateko

Suziriarekin batera, festak eztanda egingo du eta bergararrak gozatzera animatu nahi ditugu, baina beti ere, errespetuan, elkarbizitzan eta aniztasunean. "Horregatik, bi kanpaina berezi zabaldu nahi izan ditugu. Batetik, azken urteetan egin bezala, “Ez menpeko, bai pareko ta danok hobeto!” lemarekin indarkeria matxistari aurre egiten saiatuko gara. Bestetik, eta aurtengo berrikuntza nagusi bezala, herritarrak alkoholaren kontsumoaz hausnartzera gonbidatu nahi dira, batez ere gurasoak. Udalak drogomenpekotasunaren planaren baitan, garrantzi berezia ematen dio gurasoek euren seme-alaben aurrean duten alkohol kontsumoari. Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute eta horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea. Hala, ekainaren 5eko herri bazkarian, alkoholik ez da zerbitzatuko. Pauso txikia izanik, garrantzitsua izan daitekeelakoan gaude", aurreratu du alkateak.

Haurrekin jarraituz, aurtengo barraka egunak ekainaren 5ean goizez eta ekainaren 7an eta 11an egun osoz izango dira. Egun horietan, bidaia bakoitza euro bat ordainduko da, barraka berrienak izan ezik. Hauetan, bidaia 1,50 kostako da.

Kartel irabazlea, Amaia Santamariarena

Pentekosteetako 2017ko kartel lehiaketako irabazlea Amaia Santamaria izan da “Are you ready, jaixak ditxuk, herri honi sua emango jotxaun!“ kartelarekin eta irabazle bezala, 400 euroko balioa duten udal bonoak jasoko ditu. Guztira, 13 lan aurkeztu dira aurten eta Amaia izan da irabazlea herritarren botoei esker. Zorionak!

Zeinu hizkuntza

Atzo egindako aurkezpenean, zeinu hizkuntzako itzultzaile batekin egin zen lehenbizikoz. Elena Lete alkateak adierazi zuenez; "Eskuaire elkartearekin hitzarmen bat lantzen ari gara, zeinu hizkuntza zerbitzua emateko. Webgunean zerbitzua aurkeztuko dugu laster; helburua da gorrei zerbitzua ematea. Era berean, pentsatu dugu gaurko ekitaldia oso egokia zela aurkezpena modu horretan ere egiteko".

Egitaraua

 

Arloa: