Maiatzeko ohiko udalbatza egin zuenatzo, astelehena, Bergarako Udalak eta bertan hartutako erabakien artean, Mizpirualde Zaharren Egoitzako Fundazio Publikoaren estatutuen aldaketa izan zen. EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko bozkei esker, Irabazi abstenitu egin zen, Mizpirualdeko Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu zen eta beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren organismoa den Kabiara sartuko da egoitza. Honela, Aldundiak ekainean onartuko duen erabakiaren ondoren, Kabia organismoa izango da Mizpirualdeko kudeaketaren arduraduna.

Era berean, eta alkatearen dekretu bidez, kreditu aldaketa desberdinak egin dira Udaleko, Mizpirualdeko eta Bihargintzako aurrekontuetatik. Kreditu aldaketa hauei esker, Bergarako Udalak 800.000 euro gehiago izango ditu 2017ko aurrekontuan, eta aktuazio desberdinak egin ahal izango ditu.

Azken udalbatzan, apirileko plenoan, EH Bilduko Iosu Elortza eta Lauri Askargorta zinegotziek dimisioa aurkeztu ondoren, Aitor Arantzabal eta Ainhoa Letek euren kargu berria hartu zuten atzo.

Pintadak

Azken egunotan Bergarako herria pintadaz bete dira eta Udal Gobernuak irmoki salatu nahi du. Herriko hainbat kale eta eraikin esanguratsuetan egin dira pintaketak eta Udalak jokabide hau berriro ez errepikatzeko deia luzatu nahi du; “Gure ondarea zaindu eta garbi mantentzeko esfortzua egiten dugu eta honelako jokabideek ez dute laguntzen. Horregatik, herriko espazio publikoak errespetatzea eskatzen diegu bergararrei, ezinbestekoa neurria baita gure arteko elkarbizitzarako”, agertu zuen Elena Lete alkateak atzoko udalbatzan.