Azken udalbatzan, maiatzeko plenoan, kreditu aldaketa desberdinak onartu ziren Udaleko, Mizpirualdeko eta Bihargintzako aurrekontuetatik. Kreditu aldaketa hauei esker, Bergarako Udalak 800.000 euro gehiago izango ditu 2017ko aurrekontuan, eta aktuazio desberdinak egin ahal izango ditu.

Udal Gobernuak dagoeneko zehaztu du diru kopuru hori zein proiektutara bideratu eta orokorrean, auzoak hobetzea, urbanizazio eta zoladura lanak, sustapen ekonomikoa, Arrizuriaga eta Boluko lur-jausia izango dira egitasmo nagusiak.

Honela, herriguneko zein auzoetan hobekuntzak egiteko bideratuko da diru gehiena. Bergarako erdiguneko zoladura aldatzeko 200.000 euro bideratuko dira eta honela, Amillaga, San Antonio, Mizpildi edota Ibargarai kaleetako lurra berrituko da. Era berean, beste 150.000 euro San Antonio, Matxiategi 5-7 edota Komenio kaleetako urbanizazioak burutzeko bideratuko dira.

Auzoek ere garrantzi berezia dute Udalarentzat eta horregatik, 60.000 euro bideratuko ditu. Diru kopuru hori auzoetan ura ziurtatzeko eta baserrien hobi septikoetarako erabiliko da, besteak beste. Osintxun ere hirigintza proiektua garatzeko 15.000 euro gehituko dira eta San Martzialen, berriz, lur erosketa egiteko 18.000 euro.

Gaur egungo krisi ekonomikoak eragiten ari denaren jakitun izanik, sustapen ekonomikoan esfortzu berezia egin nahi du Udalak. Horregatik, 144.000 euro bideratuko ditu Larramendi industria-gune berrirako eta herrian WIFI doako zerbitzua eskaintzeko.

Azkenik, Arrizuriaga eraikinaren proiekturako 60.000 euro gehituko dira.