Irailaren 23an, larunbata, Boluko udal pilotalekua estaltzearen inguruko kontsulta egingo da. Hautesleku bakarra izango da, Bolua kaleko 47. zenbakian, eta Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Boluan erroldatuta daudenek eman ahal izango dute botoa. Ordutegia honakoa izango da: 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Hautes-mahai horretan udal langile batek egingo du mahaiko presidente lana; horrez gain, beste bi herritar mahaikide arituko dira. Eta zabalik dago mahaikide izateko izenemate epea bihar, ostirala, 13:30ak arte Udaleko idazkaritzan.

Mahaikide izateko baldintzak honako hauek izango dira: Bergarako Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu edo Bolua kalean erroldatuta egotea 2017ko abuztuaren 1ean edo lehenagotik, eta 1999ko irailaren 23an edo lehenago jaioa izatea. Horrez gain, batxilergoa edo parekoa den titulazio-maila izan beharko dute. Baldintza horiek betetzeaz gainera langabezian daudenek, lehentasuna izango dute. Mahaikide aritzegatik 200 euroko ordainsaria jasoko dute (kenkaria kenduta).

Gogoratu, era berean, pilotalekua estaltzeari buruzko auzo-kontsulta egiteko erabiliko den zentsua jendaurrean erakusgai dagoela irailaren 11tik 15era Idazkaritzan. Epe horren barruan interesatuek aukera izango dute beraien errolda-datuak zuzenak diren egiaztatzeko eta, hala balegokio, Alkatetzaren aurrean datuei buruzko erreklamazioa jartzeko.