Bergarako Larramendi industrialdean eraikin industrial bat, eraikin komertzial bat eta inguruko urbanizazioa egingo ditu Sprilurrek. Eraikin industrialak 7.650 metro koadro izango ditu, eta komertzialak 765 metro koadro, hiru solairutan banatuta. Inbertsioa 2,76 milioi eurokoa izango da eta eraikuntza lanak 11 hilabete iraungo du. Bergarako alkate Elena Lete eta Sprilur-eko zuzendari Txaber Ouro izan dira Larramendin gaur, lanen hasieraren aurkezpenean.

Lanen barruan bi eraikin egingo dira: bata 7.650 metro koadroko eraikin industriala (C lursaila) eta bestea hirugarren sektorerako 765 metro koadrokoa (K lursaila). Eraikin industrialak 17 pabilioi modular izango ditu: 510 metro koadroko bederatzi pabiloi eta 380 metro koadroko 8 pabiloi, 10 metroko altuerakoak. Azkenik, hirugarren sektorerako eraikinak -eraikin komertzialak- hiru solairu izango ditu, bakoitza 255 metro koadrokoa. Aurreikusitako exekuzio epea 11 hilabetekoa izango da; hortaz, lanak 2018ko urte bukaerara arte luzatuko dira.

Elena Lete alkateak azaldu du industrialdearen lanak martxan jartzea oso albiste ona dela Bergarako herriarentzat. Gogoratu du udal programan agindu zuela lanak berraratuko zituztela, eta, hortaz, hitza bete duela. Horrez gain, gogora ekarri du Udala Sprilur-ekin etengabeko harremanetan egon dela eta dagoela, eta erraztasunak eman dituela obrak abiarazteko. Hori esanda, azpimarratu du Sprilur-ek kasu egin diola pabiloiak eskuratzeko formula malguak eskaintzerakoan. Hala, aukera izango da pabiloiak erosi, alokatu edo erosketa eskubidearekin alokatzeko, enpresa guztien egoera eta beharretara egokituta.