2018an Bergarako udalerriak herri-gutuna jaso zuela 750 urte beteko dira. Urteurren esanguratsu hori merezi duen bezala gogorarazteko, hainbat jarduera eta ekimen abiarazi nahi dituzte Udalak eta hainbat herritarrek; ekintza horietan gure historia, lorpenak, izaera eta komunitate-indarra jasoko dira. Era berean, urteurren honek balioko du erakusteko zer izan den Bergara iraganean, nolakoa den gaur egun eta norantz goaz.

Horri guztiari forma emateko, Udalak herritarrak eta elkarteak bilera ireki batera deitu nahi ditu, guztion artean urteurreneko plana abiarazteko. Bilera asteazkenean, irailak 20, egingo da Udalbatza aretoan 18:00etan.