Udalak Errege Mintegiko Eliza Zaharra herriko kultura agertoki berria bihurtu du; laster zabalduko ditu ateak. Azpiegitura guztia prest egongo da laster, baina horren aurretik Udalak kultura taldeei eta herritarrei deialdia egin die izenak proposatzeko.

Errege Mintegia Bergarako herriari etengabe lotuta egon da XVIII. mendetik, beti ere herritarron mesederako. Eta orain Errege Mintegiko Eliza Zaharra kultura agertoki bihurtu da, guztiontzat ateak zabalik izango dituena. Gure ondareko adar garrantzitsu hau garaietara egokitutako azpiegitura bihurtu dugu, eta horri herritarrok izena jartzea falta da.

Hona hemen erronka: egin izen proposamena eta argudiatu! Kultura batzordeak horietatik egokiena aukeratuko du. Baloratuko da izena Errege Mintegiaren eta bergararron izaerarekin bat etortzea. Ideia aproposenak urte osoko ikuskizunetarako bi lagunentzat bonoa irabaziko du. Era berean, parte hartzaile guztien artean bi lagunentzat bonoa zozketatuko da.

Proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 3a izango da. Interesatuek kultura@bergara.eus helbidera idatzi edo Udaletxean zein Agorrosinen jarritako buzoietan ideia proposamena utzi beharko dute.