Asteleheneko osoko bilkuran 2018ko ordenantza fiskalak onartu ziren EAJ eta PSEren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Irabaziren kontrako botoekin.

2018rako onartutako ordenantza fiskalek 2017koan dute oinarria. Iaz adostutako puntuetatik abiatuta oposizioko alderdiekin ahalik eta adostasun handiena lortzea izan da helburu.

Udal Gobernuak Udalaren sarrerak ez ditu konprometitu, baina era berean proposatu diren igoerak KPIaren neurrian bakarrik igoko dira.

Zaborren, Ur zerbitzuaren, Etxeko laguntza zerbitzuan eta txakurtegian 2017ko tasa berdinak mantendu dira, KPI ezarri gabe.

KPIaren neurrian igoko diren zerga eta tasak, berriz, honako hauek dira: Ondasun higiezinen gaineko zerga, Ekonomi jardueren gaineko zerga, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, Hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, Eraikuntza instalazio eta obren gaineko zerga (hobari berriekin), Merkatua, Kanposantuko zerbitzua, Estolderia, Erabilera anitzeko etxebizitzena, Babes etxeak, Kiroldegia eta igerilekua, Udal pilotalekua, Turismo bulegoko tarifak (%100ean hobaria izango dute) eta Haur dinamizazio zerbitzua.

Berrikuntza nagusienen artean nabarmentzekoak dira udal gobernuak jarduera ekonomikoa indartzeko egindako apustua: hala, Alde zaharreko negozioetan eraikuntza, instalazio edo obrak egitekotan %35eko hobaria izango dute. Ildo berean, industria pabiloietan berritze edo egokitze lanak egiterakoan %10eko hobaria ezarriko zaie lanpostu egonkorrak sortzera bideratuta.

Berrikuntzekin jarraituta, publikoari zabalik dauden lekuen sarreratan traba arkitektonikoak ezabatzeko egiten diren obrek %75eko hobaria izango dute; eta Zarata Mapak zehaztutako eremuetan zaratak murrizteko egiten diren obrek %35ekoa.

Bestalde, Alde Zaharraren Birgaitze Plan Bereziari jarraiki, eremu horretan eraikin osoko birgaitze obratan %15eko hobaria izango da.

Eta urari dagokionez, iaz hartutako konpromisoa bete du udal gobernuak: hala, tarifak etxe bakoitzeko biztanleei egokitzeko sistema berria ezarri da: hiruhilabeteko eta pertsonako 10 metro kubikoan dago bataz bestekoa. Hortik aurrera, bigarren tarifa bat ezarriko da.