Azaroak 25 Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horren aurrean Bergarako Udalak azpimarratzen du indarkeria mota honek izaera estrukturala duela, eta konpromisoa agertzen du, elkarbizitza eta berdintasuna ardatz hartuta, emakumeen kontrako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde lana irmo egiten jarraitzeko.

Hala, Udalak ezinbestekotzat du emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta haien albokoei laguntza-zerbitzua ematearekin bat, Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia eta Erreparazioa bermatzea.

Hala, joan den astean osoko bilkuran Udalak ahobetez onartu zuen Bergarako herria biolentzia matxistez libre aitortzea; Udalbatzak indarkeria matxistaren kontra hartutako konpromiso guztiak aurrera eramateko plangintza garatzea; eta Berdintasun teknikaria berehala kontratatzeko prozesua martxan jartzea.

Era berean, testuinguru honetan kokatzen dugu Bergarako Udalak aspalditik indarkeria matxistaren biktimak artatzeko duen zerbitzua.

Jakin badakigu udal zerbitzuetara arreta eske datozenak baino gehiago izango direla herrian ematen diren indarkeriaren kasuak. Hala ere, ezinbestekotzat dugu nabarmentzea ematen den zerbitzua biktimentzat oso garrantzitsua dela. Eta, mesedez, eskatzen diegu halako edozein egoeraren aurrean daudenek Udaleko atea jo dezatela.

Zerbitzuaren datuak:

-Datu hauek Udaleko Gizarte Zerbitzuetan artatutako kasuetatik aterata daude.

-Gizarte Zerbitzuetara etortzeko ez dago salaketarik jarri beharrik.

-Biktima bakoitzak du azkeneko hitza; baina Udalak aukerak eta laguntzak eskaintzen ditu eta prozesu osoan laguntza integrala eskaintzen dio, beste erakunde batzuekin elkarlanean (Aldundia eta Jaurlaritza).

-2017ko datuak azaroaren 21a artekoak dira.

-2017an 13 kasu berri.

-2016an 16 kasu berri.

-2015ean 8 kasu berri.

Indarkeria mota (2017):

-Fisiko eta psikologikoa: %77.

-Psikologikoa: %8.

-Eraso sexuala: %15.

Indarkeriaren jatorria (2017):

-Bikotekide edo bikotekide ohiak eragindakoa: %70.

-Bikotekide edo bikotekide ohia ez denak eragindakoa: %15.

-Sexu erasoak: %15.

Biktimen jatorria (2017):

-EAE eta Estatua: %54.

-Beste herrialdetakoak: %46.

Biktimen adina (2017):

-18 urte baino gutxiago: %15.

-18-30 urte bitartekoak: %32.

-31-40 urte bitartekoak: %15.

-41-50 urte bitartekoak: %23.

-51-60 urte bitartekoak: %15.

-60 urtetik gorakoak: O.

Erasotzaileen jatorria (2017):

-EAE eta Estatua: %54.

-Beste herrialdetakoak: %31.

-Informaziorik ez: %15.

Emandako laguna (2017):

-Laguntza psikologikoa: 12 pertsona.

-Alojamendua: 2 pertsona.

-Aholkularitza juridikoa: 1.

-Dirulaguntzak: 2.

-Haurren babeserako laguntza: 5.

Egitaraua:

Honez gain, Udalak Martxanterekin eta herriko beste ekimen batzuekin batera erribindikazio eta kontzientziazio lan gisa, egitaraua borobildu du datozen egunetarako eta ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituzte:

Asteazkeneroko zineklubean joan den astean ‘Las maestras de la república’ filma proiektatu zen; oraingo astean ‘Volar’ ikusi ahal izango da, eta hilaren 29an ‘Todos están muertos’. Guztiak Zabalotegi aretoan 20:00etan.

Hilaren 22an, asteazkena, ‘Sorgin ehiza eta indarkeria matxista’ solasaldia izango da Zabalotegin, 18:00etan, Barakaldoko Argiten elkarte feministaren eskutik.

Hilaren 24an, ostirala, Hika taldearen eskutik ‘Koadernoa zuri’ helduentzako antzezlana izango da Zabalotegi aretoan.

Eta, azkenik, hilaren 25ean, larunbata, elkarretaratzea izango da 12:00etan San Martin plazan; eta 20:00etan akelarrea kokagune berean.

Herritar guztion konpromisoa da, desagertarazi dezagun indarkeria matxista!