'Emeek emana, Emakumeak Gerra, Errepresioa eta Erresistentzia' Intxorta 1937 elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, abiarazitako ekimen dibulgatiboa da. Frankismoaren bueltan (1936tik 1976ra bitartean) sufritu egin duten edo aurrerakoiak izan diren Euskal Herriko 63 emakumeri egindako aitortza da; gaur egungo gizarteak horien berri izan dezan.

Aroztegin zabaldutako erakusketa 63 emakumeren argazkiek osatzen dute -beraien erretratuak eta kasu batzuetan beraiekin lotura duten objektu zehatzak-. Horrez gain, erakusketan bertan ikus eta entzun daitezke pertsona guzti horien elkarrizketen laginak, 6 eta 9 minutu artekoak. Euskal Herriko herrialde askotako protagonisten artean, bi bergarar daude: Norberta Ezpeleta Ondarretako espetxean preso izan zena eta Concha Lazpiur.

Erakusketa ostiral honetan, urtarrilak 19, inauguratuko da (19:00etan) eta otsailaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Udalak erraztuta, Bergarako ikasleek ordubeteko bisita gidatuak egingo dituzte; eta Intxorta 1937 elkarteak gai horrekin lotuta eskolatan lantzeko unitate didaktikoak ere sortu ditu.

Bergarako alkate Elena Letek babes osoa eman dio erakusketari eta honako hitzak aurreratu ditu prentsaurrekoan: "Gizonek sortu ohi dituzte Gerrak eta gainera horietan jazotakoa gizonek beraiek kontatzen dute. Are gehiago, askotan biktimak zerrendatzean ez dira emakumeak kontuan hartzen. Horregatik Bergarako Udalari erabat txalogarria iruditzen zaio Intxorta 1937 elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, abiarazitako ekimena. Hain zuzen ere, emakumeen ahotsa, testigantza eta aurpegiak jasotzearena.

Erakusketa ibiltari honek emakumeok denboran hurbilekoa den gure historian, Frankismoan zehar, sufritutako eta bizirauteko egindako ahalegina plazaratzen du. 63 emakume, 63 pertsona, 63 bizipen. Gogor bezain itxaropentsuak.

Horien artean, gainera, bi bergarar daude: Norberta Ezpeleta Ondarretako espetxean preso izan zena eta Concha Lazpiur Bergaran jaio eta gaur egun Eibarren bizi dena. Eta baita hiru elgetar ere: Antxoni Telleria, Felisa Garai eta Felisa Iturricastillo. Joan bedi gure aitortza sentikorrena horiei guztiei eta beraien familiei! Bizikidetza oinarri badugu, ezinbestekoa da historia bere osotasunean jasotzea. Halako pauso gehiago eman behar dira".