Goizeko 06;00etatik lanean gogor dabiltza udal brigadako langileak eta udaltzainak Bergaran herritarren irisgarritasuna bermatzeko.

Elur kapa handia bota du goizean goiz eta hasieran elur sikua bazen ere, gero izotza agertu da. Horrek arazo asko sortarazi ditu. Udaltzaingoak Arrizuri kalea itxita izan du garbitu artean, baita Mintegitik Espoloira arteko bidea ere. Gero biak zabaldu dituzte. Era berean, Udaltzaingoak Bolua auzora igotzeko bidea moztuta dauka (10:37), baina laster zabalduko du.

Auzoei dagokionez, Osintxuko erdigunea garbi dago eta Angiozar erdigunea nahiko garbi; bietan autoak ibiltzeko moduan. Bestalde, San Martzialeko bidea oraindik itxita dago. 

Udaltzaingoak hartu behar izan dituen esku-hartzeei dagokienez, palmerako biribilgunean auto batek istripua izan du; Miguel Altuna ikastetxearen ondoan mutil bat lurrera jausi eta ospitalera eraman behar izan dute; Ibargarain bi autok elkar jo dute eta parking publikotik atera ezinik gelditu den auto bat atera behar izan dute.