Badator Emakumeon Nazioarteko Eguna eta aurten ere dagokion moduan gogora ekarri eta berdintasunaren alde egiten jarraituko du Udalak. Herrian berdintasuna bermatzea eguneroko lana da eta horregatik pauso irmoak egiten dabil. 'Berdintasuna ikusi, berdintasunean bizi' du izena Bergarako kanpainak.

Berdintasun Kontseilua

Berdintasun teknikaria sendo ari da lanean arlo honetan. Horrekin lotuta, Berdintasun Plana garatzen dabil Udala eta maiatzerako izango dira emaitzak. Horrez gain, behin Berdintasun teknikaria izanda, posible izan da Berdinsare plataforman parte hartzea eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko Kontseilua martxan jarriko da martxoaren 13an. Maite Agirre zinegotziak nabarmendu du Kontseilu hau osatzeak duen garrantzia: "Kontseilua eratzea aurrerapauso handia da Bergararentzat, gobernuak apustu handia egin du mahai honi halako izaera emateko. Plenoan onartutako erabakia da eta bertan landuko diren gaiak gobernuak aholkutzat hartuko ditu Udalean eta herrian lantzeko".

Emakumeen Nazioarteko Egunari dagokionez, hilabete osorako programa antolatu du Udalak, Martxanterak-ekin eta herriko beste eragile batzuekin: Bedelkar eta Goienagusi, besteak beste. Izan ere, elkarlana ezinbestekoa da berdintasuna guztion esparrua delako; guztioi dagokigu berdintasuna ikasi eta berdintasunean bizitzea.

Martxoko egitaraua

-Martxoak 4. Donostian egingo den Lilatoian parte hartzeko gonbidapena.

-Martxoak 7. Zinegoak-en film laburren emanaldia. Zabalotegin, 20:00etan.

-Martxoak 8. Martxanterak-ek deitutako Emakumeok planto! Greba deialdia. Paroak goiz zein arratsaldez (11:00-15:00 eta 18:00-22:00). Eguerdian San Martin plazan Elkar Lapikoa ekimena, norberak bere bazkaria ekarrita, 13:00-15:00. Arratsaldean, berriz, Amantalak plazara izenpean solasaldiak antolatuko dira plaza berean, 18:00-20:00. Ondoren, manifestazioa 19:30ean.

-Martxoak 9. Antzerki-foroa ‘Sexualitatea, parekidetasuna eta hezkidetza eta tratu onak’ Seminarixoan, 10:00etan. DBH4ko ikasleei zuzenduta. Egun berean, Martxanterak antolatutako erakusketa inauguratuko da Aroztegin, hilaren 25era arte ikusgai.

-Martxoak 13. Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko Kontseiluaren I. bilera Irizar jauregian, 18:30ean.

-Martxoak 14. ‘Dando luz a las mujeres de la ciencia’ hitzaldia Seminarixoan, Goienagusiren eskutik. 10:00etan. Eta iluntzean ‘Kabi biluziak’ dokumentala eta mahai-ingurua Zabalotegin, 20:00etan.

-Martxoak 20. ‘Emakumeen ahalduntzea eta adimen emozionala’ tailerra Irizar jauregian, Clara Wolframen eskutik, 18:30ean.

-Martxoak 21. Zinekluba: 'Diez años y divorciada' filma, Zabalotegin, 20:00etan.

-Martxoak 28. Zinekluba. 'En cuerpo y alma' filma, Zabalotegin, 20:00etan.

Orri-puntuaren banaketa

Bedelkarrek Martxo osoan zehar Bergarako saltoki eta zerbitzu guztietan orri-puntuak edo pasapaginas-ak banatuko dira, baita hainbat udal eraikinetan ere. Bertan azalduko da hilabeteko egitaraua, kanpaina honen leloa eta emakumeek idatzitako esaldi inspiragarriak jasota daude. Gainera, bertan jasotako irudi guztietan Bergarako emakumeak dira protagonista. Bergarako Udal Artxiboan jasotakoak dira guztiak.

Udalak eskertu nahi izan du Bedelkar elkarteak eta hainbat merkatarik berdintasunaren aldeko mezua zabaltzeko erakutsitako jarrera. Esan bezala guztion erantzukizuna da eta guztion artean heldu gaitezke berdintasunera.

Bedelkarreko presidente Maitane Azkaratek azpimarratu du oso argi izan dutela "ekimen honetan parte hartu nahi genuela. Berdintasunaren alde egitea guztion erantzunkizuna da. Are gehiago, saltoki eta bestelako zerbitzuen sare handia daukagu eta berdintasuna ikasi eta berdintasunean bizitzeko mezua herritar askori helaraziko diogu. Hala, egunerokoan eragin eta lan egin behar dugu guztiok!".

Udalak eta parte hartu duten eragile guztiek gonbidatu nahi dituzte Bergarako herritar guztiak ekimen hauetan parte hartzen, eta egunerokoan berdintasuna ikasiz, berdintasunean bizitzen!