Boluko udal pilotalekua estaltzeko lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaizkio 286.078,58 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Aurreikuspenen arabera lanak ekainean hasiko dira eta bost hilabete inguruko iraupena izango dute. Lanen muina izango da udal pilotalekuari estalkia jartzea eta mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko igogailu bat jartzea.

Udal programan agindutako lan honek, Boluko auzotarren babesa jaso zuen iaz egindako auzo galdeketan. Lan horren helburua da auzoari eta herriari urte osorako azpiegiturak eskaintzea kirol, aisialdi edo bestelako erabiletarako. Auzotarrek aukeratutako proiektua auzotarrek batzar irekietan, modu parte-hartzailean, egindako ekarpenekin aberastu zuten.

Aukeratutako soluzioa da pilotalekua egur laminatuko egitura batekin estaltzea eta Deck estiloko akabera ematea. Hego-ekialdeko fatxada erdizka itxiko da horma gortina eta kristal bikoitzarekin. Frontoiko gainontzeko aldeetarako ez da itxiturarik behar izango.

Horrez gain, plataforma igogailu bat ere ezarriko da harmailen albo batean mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Plataforma horrek 2,5 metroko ibilbidea izango du eta 250 kg-ko zama jaso ahal izango du. Horrekin batera, pilotalekua 12 luminaria Philips-ekin argituko da.