HISTORIAURREA

Brontze aroko gizakia geroz eta sedentarioagoa bihurtzen joan zen, nekazaritzan izandako aurrerapenei esker eta artzaintza izaera hedatzen joan zelako besteak beste. Garai honetan hileta-errituen fenomenoa eman zen eta arkeologiako ikerketek erakusten dutenez, garai honetako  monumentu megalitikoak zeuden Udala-Intxorta eta Elosua-Soraluze inguruneetan.

Burdin Aroko eta Erromanizazioko  informazio oso gutxi dago Bergarari buruz. Baina esan daiteke garai honetako toponimo batzuk aurki ditzazkegula baserri eta auzoetan. Lamariano, Amatiano, Paternitia, Marindano…besteak beste.

 

ERDI AROA

Villanueva de Vergara hiribiduaren sorrera 1268ko uztailaren 30ean eman zen. Alfonso X.ak sortu zuen Ariznoan, izan ere, Gasteiz, Deba eta Mutrikuko portuak lotzeko Errege bideko puntu garrantzitsua zen. Honek herritarrei eskubide eta pribilegio ugari eskaini zizkien. 1348an Oxirondo eta 1391an Uzarraga ere bereganatu ziren, naiz eta azken honek, 1629an desanexioa lortu zuen.

Garai honetan Bergara Goenkale, Barrenkale eta Artekalek osatzen zuten eremu angeluzuzen bat zen, 230 orubetan banatua eta 70 biztanle zituen. Hiribildu hau harresiarekin inguratuta zegoen eta hau hedatzen joan zen Bidekurutzeta eta Masterreka sortuz. San Pedro eliza ere bertan kokatuko da.

Hiribildua Gasteizko Foruen arabera antolatuta zegoenez, alkatea agintari izateaz gain erregearen ordezkaria zen. 1490ean Udal ordenantzak ezarri ziren eta honekin batera Udal Gobernua sortu zen. Urtero berritzen zen San Migel egunean.

Hiribilduaren sorrerak, bi errealitate sortu zituen, batetik, landa-eremua egongo zen eta bestetik hiri-eremua. Honekin batera, hiri populazioa indarra hartzen joan zen, eta baldintza sozioekonomiko ezberdineko hiritarrak elkarbizitzen hasi ziren, hiri barruan bizitzeak zituen abantailak eraginda. Landa eremuan, nekazariak eta abeltzainak bizi ziren eta barnealdean ordea, merkatari eta artisauak. Bergaran astean 3 aldiz egiten zen azoka, eta gainera taberna, okindegi zein denda ugari ireki ziren.

Gipuzkoa mailan bi ekonomia hauen artean gatazkak sortu ziren garai honetan, eta bi leinu bereizi ziren, Ganboatarrak (merkatariak) eta Oinaztarrak (nekazariak). Bergaran azken hauek gailendu ziren gehien bat. 1497an gatazkak hauek bukatu egin ziren eta Udal ordenantzek bandoak guztiz baztertzea ekarri zuten.

ARO MODERNOA

Errege-erregina katolikoen garaian, egonkortasun politikoa eta oparotasun ekonomikoa izan ziren nagusi herrian. Garai honetan, hazkunde demografiko nabarmena eman zen eta baita landa eta hiri paisaiaren fisionomi berria ere.

Garai honetan zehar, administrazioan, armadan edota burdina merkaturatzen ibilitakoak asko aberastu ziren eta dorretxeak eraikitzen hasi ziren herrian. Esaterako Ondartza, Olaso, Arrese, Ozaeta eta Egino Mallea.

XVII.mendean merkataritza krisia etorri zen eta lurrek balio handia hartu zuten aberatsentzat. Idietan aberastutako herritarrak etxera itzuli ziren eta etxeak eraikitzeari ekin zioten. Acedo Loiola, Moiua Barrena eta Errotalde jauregia besteak beste.

Bergarak merkataritzako kokaleku estrategikoa zuen, izan ere, bide-sare garrantzitsuaren parte zen, barnealdea kostarekin lotzen zuelako.

1593an Jesuitek ikastetxea ireki zuten, eta hau Euskal Herriko ospetsuenetarikoa izateaz gain, Bergarar gazte askori ateak ireki zizkien. Baina 1767.urtean Espainiatik kanporatuak izan ziren jesuitak eta ikastetxea itxi beharra izan zen.

1644an Soledadeko Ama Birjinaren eskola sortu zen eta honen ondoren 1799an Mariaren Lagundia ikastetxea ireki zen.

1776an Bergarako Errege Mintegia sortu zen, Euskal ilustrazioaren sinbolo izan zena, eta gainera herriari ospe handia eman ziona. Kalitatezko hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoen aitzindari izan zen.

Aipatzekoa da erlijioak indar handia zuela garai honetan eta eliza eta jai erlijiosoak izan zirela komunikatzeko gune nagusiak. Gizartea gainera tradizionala zen eta sozializatzeko unean, gizonezkoak azoka, herriko jai zein tabernak erabiltzen zituzten bitartean, emakumeak garbitoki eta iturrietan elkartzen ziren.

XIX.MENDEA

1793.urtetik aurrera 3 gerra egon ziren. Kokalekuagatik eta Errege Mintegiak jendea hartzen zuen aukeragatik, soldadu ugari etorri ziren Bergarara. Hauek mantentzeko dirua behar zenez, Udalak lur publikoak pribatizatu beharrean aurkitu zen eta honek gizartea gatazka areagotzea ekarri zuen.

I.Karlistadan ere puntu estrategiko bezala kokatu zen Bergara eta horregatik Karlosen eta Isabelen aldeko bi bandoen helburua, herria bereganatzea izan zen. 1835. urtean Zumalakarregi izan zen herria menperatzea lortu zuena. 1834. Urtean txingor eta uholdeak izan ziren eta Bergara muturreko pobrezia egoeran sartu zen.

1839. urtean Bergarako Besarkada eman zen Espartero eta Marotoren artean, eta honek herria poztasuna ekarri zuen, izan ere, foru-eskubide batzuk galdu ziren arren, onura ugarri ekarri zituen.  Garai berri baten hasiera eman zen, esportaziorako bideak zabalduz eta merkataritza modernoan inbertsio handiak eginez. Honek lurren pribatizazioa ekarri zuenez, landa eremua lantzen hasi ziren ortu zein baserriak gehituz. Garai honetan, artoa izan zen labore nagusia.

BERGARA MODERNITATERANTZ (1860-1936)

Hiri eremua nagusitasuna hartzen joan zen eta honekin batera bigarren sektorea indartu egin zen. Gainera trenbide zein zerbitzu berriak iritsi ziren herrira eta honek biztanle kopurua nabarmen igo zuen.

Hilerria, epaitegia, Bergarako ospitale santua, garbitoki publikoak, bolatokiak, hiri-lorategiak, zuhaitzak, Espoloiko kioskoa…garai honetakoak dira. Beraz, ikusi daitekeen bezala, herria ekipamenu zein zerbitzu berriz hornitu zen.

Bergaran lanbide heziketaren aldeko apustua ere garai honetan egin zen, izan ere, 1850ean Industria Eskola sortu zen, eta aipatzekoa da horrelako 4 soilik aurkitzen zirela Estatu mailan. 1861. Urtean hau ixteko agindua eman zuen Ministroak baina 1903an berriz ere zabaldu zen Arte eta Lanbide eskola bezala. 1928an Elementala sortu zen eta Gerra Zibilera arte iraun zuen honek.

1888an iritsi zen trena lehen aldiz Bergarara, Durango-Zumarraga lineari esker eta 1919an Gasteiz-Bergara linea ere osatu zen. Honako honek aukera bikainak eskaini zizkion herritar zein enpresa ezberdinei. Linea hauek itxi egin ziren; 1967 an Gasteizko lotura eta 1972an bestea.

Industriaren garapena nabarmena eman zen garai honetan, eta honek herriaren izaera aldatzea ekarri zuen. Landa eremua alde batera gelditu zen eta demografia ere asko handitu zen. Auzo berrien sorrera ere eman zen: Ubera eta Angiozar (1927), Martokua-Zabalotegi-San Lorentzo-Matxiategi (1950-1960) eta Bolu (1980).

Bergarako eremu politikoan ideologia berriak finkatzen joan ziren. Nazionalismoak herrian indar handia hartu zuen eta oso mugimendu aktiboa izan zen gainera. Gizarte zibilaren tresna bihurtu zen eta talde ezberdinak sortzen joan ziren. 1920an lehen alkate nazionalista izendatu zuten Iñaki Unzeta. Langile mugimendu eta ezkertiarrek botere gutxi zuten herrian, harremanak paternalista samarrak zirelako eta gatazka gutxi zeudelako garai horretan. 1923. urtean ordea, Primo de Riveraren diktadurarekin nazionalistak klandestinitatera jo zuten eta barne krisi bat eman zen. Hau amaitzean, EAJ/PNV eratu zen eta aipatzekoa da Telesforo Monzon bergararra honen parte izan zela. Honen aurkako mugimendu bat sortu zen eta bertatik EAE/ANV alderdia sortu zuten eta bertan protagonista Justo Garate izan zen.

II.errepublika iritsi zenean, demokraziari esker, nazionalistek Bergarako udal-hauteskundeak irabazi zituzten 1931, 1933 eta 1936. urteetan.

GERRA ZIBILA

1936ko irailaren 21ean Bergara menderatua izan zen. 700 pertsona inguruk hartu zuten parte bertan, tartean 200 Errepublikaren aldekoak. Luis Ruiz de la Prada jarri zen Udala zuzentzen egun gutxiren buruan eta, Udal-agindu gogorrak emateaz gain, garbiketa politikoa egin zuen Udalean. 1937ko apirilaren 24 arte, batailoi ugari eman ziren herrian, eta Franco bera ere Bergarara hurbildu zen. Bergaran bonbardaketa batzuk izan ziren arren, erabat suntsitua gelditu zena Elgeta izan zen. Gertaera honek gainera espresak militarizatzea eta Franco hiribilduko ohorezko alkate izendatzea ekarri zuten.

 

FRANKISMOTIK DEMOKRAZIOARA

Gerra amaitzearekin bat, herria bide berriak eraikitzen hasi zen.

Egoera latzari aurre egiteko asmotan, Oinarrizko eskola eratzen hasi ziren berriz eta 1944an ateak irekitzeko aukera izan zuen. Honako hau puntako eskola izan da beti.

Mariaren Lagundia eta Errege Mintegiaz gain, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko eskolak sortu ziren XX.mende erdialdean, generoaren arabera banatuak zeudenak. 1970.urtean Aranzadi Ikastola jarri zen berriro ere martxan, Errepublika garaian aitzindari eta gainera mistoa izan zena. Hezkuntzarekin loturik 1976an UNED txertatu zen Bergaran.

1970-1980. hamarkadan, herritar mugimenduek eragin handia izan zuten. Hezkuntza, gizartea eta osasunaren arloko oinarrizko zerbitzuak eta ekipamenduak hobetzeko ekintza ugari burutu ziren herrian eta honek herritar sena ekarri zuen.

Franco hil ondoren, herritarrek alkatetza berreskuratzeko “Bergarako Alkateen Taldea” osatu zen, eta bertako kide izan zen Jose Luis Elkoro Bergararra. Herritarren eskaerak jaso eta hauek aurkeztu egin zituzten. Besteak beste honako hauek dira eskaeren artean jasotakoak: Euskal Foruen aldarria, Udaletxeetako balkoietan ikurriña jartzea, ETAko presoen amnistia…

BIDEOAK

Ahotsak:

- Gerra zibila;  frontea gertu eta milizianoak etxean

-Gerra garaian, enseñanza itxita

-Ikastolan, Mari "Txantxo"terekin