Udal gobernuak oso larritzat hartzen ditu aste honetako osoko bilkuran Irabazi taldeko zinegotziak, Aiert Lizarraldek, udal idazkariaren eta Udal gobernuaren kontra egindako salaketak.

Osoko bilkuran txakur kaken inguruko mozioa aurkeztu zuen Irabazik, baina Irabazik berak erretiratu zuen, gaiarekin lotuta idazkariak landutako txostena ikusita. Mozio horretan Irabazik eskatzen zuen, besteak beste, udalerriko txakurren DNAren informazioa jaso ahal izatea; eta Udal idazkariak egindako txostenean argitzen da Udalak ez duela horretarako eskumenik; Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokiola.

Nahiz eta mozioa erretiratu, gai hori berbagai zuten osoko bilkurako une luze batean, Irabazi-ko zinegotziak udal idazkariari leporatu zion txosten hori “eskasa” zela, Irabaziri txosten horrek “balio ez” diola eta Udal idazkariak txostena “behartuta egin” zuela. Horrez guztiaz gain, Udal gobernuari leporatu zion “gezurretan”, “ihesi” eta gai hau “maneiatzen” ibili izana; eta bukatzeko Irabazi Taldeak gaia landuta zeukala eta aurkako txostena aurkeztuko zuela.

Horren aurrean, Udal gobernuak jakitera eman nahi du salaketa horiek egitea ekintza oso larria dela, Bergarako udal pleno aretoan inoiz ez direla entzun hain hitz larriak erakundearen jardunaren zuzentasunaren aurka eta horregatik IRMO adierazten du:

-Ezin duela onartu udal langileen profesionaltasuna eta udal gobernuaren jarrera egokia kolokan jarri izana.

-Udal gobernuak oso argi duela, berak bezala, udal langileek ere zuzen eta zintzo jokatzen dutela.

-Udal gobernuak zintzo eta zuzen betetzen duela indarrean dagoen legeria; eta horregatik behar diren txosten tekniko guztiak jasotzen eta jarraitzen dituela; noski, ez du horiengandik “ihes egiten”.

-Udal gobernuak bere ekintzetan uztartzen ditu legeak ezartzen dituen baldintzak eta horretarako, noski, ez ditu “maneiatzen” arlo teknikoak luzatzen dituen txostenak.