Konturatu orduko 3 urte bete dira ilusioz eta gogoz udal gobernu honen ardura hartu genuenetik. Hasierako ilusioak eta gogoek indarrean jarraitzen dute.

Bergara ekonomikoki garatzen jarraitzea nahi dugu, herri dinamikoa izaten lagundu eta Bergara guztiontzat herri eroso eta irisgarria izatea. Hori bermatzea da gure nahia eta horretarako ahalegina eta lana egiten dugu.

Herritarren iritzia eta parte-hartzea ezinbestekoa da egin dugun eta egingo dugun bide honetan. Herritarren nahi eta beharretan oinarrituta diseinatzen eta garatzen ditugu proiektuak. Eta horiek guztiak garatzeko alboan ditugu Udal teknikariak, diziplina bakoitzean adituak direnak eta aholkulari eta bidelagun lana egiten dutenak; beraiekin elkarlanean dihardugu Bergara hobea egiten.

Asko dira martxan jarritako parte-hartze prozesu eta dinamikak, eta oso garrantzitsua herriko eragileek foro horietan duten ordezkaritza eta egitekoa. Adibide gisa har ditzakegu Jai batzordea zein 750. urteurrena antolatzeko herritarren mahaiak. Herritarren indarra eta talentua batuta, herriak pauso irmoak ematen dihardu. Bergara hobetuz doa!

Aspaldi, hauteskunde programa idazteko, bergararron premiak, nahiak eta beharrak aztertu genituen; eta horren arabera egitasmoak finkatu genituen. Horietako asko gauzatu ditugu jada eta denborak arrazoia eman digu, ondo genbiltzan.

-Bergararen garapen ekonomikoari eta herritarron zein bisitarien erosotasunari mesede handia egingo dion lur azpiko aparkalekuaren egitasmoa martxan jarri dugu.

-Herri irisgarriago eta jasangarriagoa bermatzeko ahaleginean 5 kilometroko bidegorri sarea osatu dugu herri barruan.

-Garapenari begira, herritarron orain arteko eta etorkizuneko hezkuntzan eta lan munduan motor garrantzitsu den Miguel Altuna Lanbide Heziketa gune duin batera lekuz aldatzea erraztu dugu.

-Ildo beretik, herrian lanpostuak sortu eta aberastasuna areagotzeko Larramendiko industriagunea ibiltzen jarri dugu eta Gureak enpresak planta berriak jartzea erakarri dugu, gizarteratzea eta aberastasuna gurean sendotzeko.

-Herri kohesioaren parte, gure herriak duen kultura egarria asetzeko Seminarixoa XXI. mendeko azpiegitura daukan eraikin historikoan kokatutako kultura agertoki berria eraiki dugu.

-Kirol azpiegiturak berritu eta sendotzen lanean jarraitzen dugu, bai Labegaraietan zein bestelako gunetan.

-Irisgarritasun eta erosotasun aldetik, erdigunetik kanpo ekipamendu berriak egokitzen gabiltza; horren adibide erabilera anitzerako diren Boluko udal pilotaleku estalia eta San Martin Agirre ikastetxeko patioaren estaldura, besteak beste.

-Baita ere, nekazal auzoei dagokienez, Uberako plaza berritua eta Angiozarreko beheko kaleko urbanizazioa errealitate izango dira laster.

Egitasmo gehiago ditu Udal gobernuak eta, orain arte bezala, koherentziaz, irmotasunez eta diskrezioz lanean jarraituko du guztion beharrei erreparatuta guztiondako Bergara hobe baten alde lanean. Izan garelako izango gara!