Udalak prebentzioa lantzeko urtero abiarazten ditu hainbat programa: drogei buruzkoa, teknologia berrien ingurukoa, heziketa afektibo sexualarena… eta aurten, lehen aldiz, On line jokoei eta kirol apustuei aurre hartzeko programa landu du.

16 eta 18 urte bitarteko 86 ikaslek landu dute programa hori eta Udala oso harrituta gelditu da jaso dituen emaitzekin: hain zuzen ere, programan parte hartu duten mutilen erdiak baino gehiagok onartu du kirol apustuetan eta joko makinetan jokatzen dutela herriko lau negoziotan; eta horietatik talde handi bat ia egunero aritzen da. Programan parte hartu duten neskak, aldiz, ez dira horretan aritzen.

Udala kezkatuta agertu da emaitza hauekin eta Eusko Jaurlaritzako Droga gaietako zuzendaritzara jo du lagin honen berri emateko. Honek Eusko Jaurlaritzako Joku eta Ikuskizunen zuzendaritzara jo du, eta azken honek jarraipen protokoloa aktibatu du.

Horren arabera, udalerrian kirol apustu eta joko makinak dituzten 11 negozioei jakinarazi zaie adin txikikoak halako jokoetan ibiliz gero isun gogorrak ezarriko zaizkiela; eta era berean, Ertzaintzak negozio horietan adin txikikoen jokoa ekiditeko jarraipen protokoloa ezarri du. Eta Udaltzaingoa ere arituko da zeregin horretan.

Horrez gain, Udalak jakinarazi du ikasturte berrian ikasle gehiagorekin egingo dutela programa hau.