Udalak eta herriko kultura eragileek erabaki dute Bergararen 750. urteurreneko ikuskizunerako data berria irailak 28 izatea. Hala, asmoa da irailaren 28an, ostirala, 22:30ean San Martin plazan egitea urteurreneko ikuskizuna. Kontzertuaren egitaraua berdina izango da.

Data hurbildu ahala, irailaren 28rako eguraldi iragarpenak onak ez balira, irailaren 29an, larunbata, San Martin plazan egingo litzateke. Eta larunbaterako iragarpenak ere onak ez balira, egun horretan Udal pilotalekuan egingo litzateke ikuskizuna.

Aurretik eskuratutako gonbidapenek ez dute baliorik izango arrazoi bategatik: Udal pilotalekuan ezin dira sartu San Martin plazan beste pertsona, eta banatutako sarrerak San Martin plazaren eserleku kopuruaren araberakoak ziren.

Hortaz, iraileko ikuskizunerako gonbidapen berriak hartu beharko dira irailaren 20an, osteguna, Seminarixoko txarteldegian 18:00etatik 20:00etara. Pertsona bakoitzak gehienez 6 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu. Gonbidapenak numeratuak izango dira.

Ordurako Udalak eta eragileak kalkulatuta izango dute zenbat eserleku jarri ahal izango diren ikuskizun horretan Udal pilotalekuan. Eta gonbidapenen kopuru hori banatuko da egun horretan. Aldiz, eguraldiak lagunduko balu eta ikuskizuna San Martin plazan egingo balitz, bezperan gonbidapen gehiago banatuko lirateke San Martin plazako aforoa bete arte. San Martin plazan 800 aulki jarriko lirateke eta sarrerak berak izango ziren, baina kasu horretan eserlekuak ez lirateke egongo numeratuak.