Aurten San Martin Agirre eguna igandea izanik, asteburu bakarrean batuko dira ekintza guztiak, eta ugariak dira. Hemen egitaraua: san_martinak18_2.pdf

Azpimarratu nahiko genuke jaietako ekitaldi kuttunenetakoa den Danborradak urtez urte parte-hartzea biderkatzen diharduela. Aurten nagusien danborradan 500 danborjole eta 75 barrika-jole arituko dira, inoiz baino gehiago. Banda eta bestelako kideak gehituta, ia 600 lagun ibiliko dira lanean. Guztira, 22 talde izango dira. Bergarako ekitaldirik parte-hartzaileena bihurtu da. Zorionak guztioi!

Azken urteetako protokoloari jarraituta, eguraldi ona zein txarra danborrada irtengo dela; aldatu daitekeena da eguraldi txarra balego, Banda plazan geldituko dela zain. Lehenengo japoniar danborrada irtengo da, eta ondoren danbor jole eta barrika-joleak. 4 martxa joko dituzte: ‘Umore Ona’, ‘Pertxa’, ‘Lasai Toki’ eta ‘San Martin’. Umeen danborradan ez dago aldaketarik.

Salmentako 52 postu

Azkeneko bi urtetan bezalaxe, San Martinetako Azoka Oxirondon kokatuko da, Oxirondo azoka indartzeko helburuari jarraituta. Han izango dira barazki, fruta, gazta eta bestelako elikagaiak.

-Barazki eta fruta: 9 Bertako baserritarrek sasoiko produktuak ekarriko dituzte. Erakusketaz gain, erosteko aukera ere izango da. Urtean zehar baserrietan egindako lanari esker produktu fresko eta dotoreak izango ditugu eskuragai.

-Gazta: 7 salmenta postu. *Jatorrizko Izendapena elkarteak gazta lehiaketara datozenen kopuru zehatza ez digu oraindik jakinarazi.

-Bestelakoak: 36

Kokagune berean haurrentzako tailerrak izango dira; aurtengoa ‘Landare usaindunen aldaxkak egitea’. Eta iazko arrakasta ikusita, Erle eta Ezti erakusketa ere izango da. Baita ere herriko harakinek eskainitako Odoloste dastatzea Katabixan.

Txosnagunea Muniben

Gunez aldatuta, Xaxau elkarteak txosnagunea jarriko du Munibe plazan hirugarren urtez Udalaren laguntzaz. Han izango dira herri bazkaria eta kontzertuak, besteak beste.

Horrez gain, herriko jai guztietan bezala, Erraldoiak, zezentxoak eta ponyak izango dira. Eta igandea, San Martin Agirre eguna, esaterako, sokamuturrarekin hasiko da eta Errekortadore eskola ibiltariarekin jarraituko du.

Bergarako Txistulari Bandaren diana eta Danborradaz gain, San Martinetako ekitaldi kuttunenetako bat den Bergarako Musika Bandaren kontzertua eguraldiaren arabera plazan edo udal pilotalekuan izango da. Ez galdu emankizun hau, aurten ere berezia izango da eta!

Jaietan musika ezin falta. Hala, erromeria talde dotoreek jarriko gaituzte dantzan: ostiralean Tximeleta, larunbatean Joselu Anaiak eta igandean Gozategi. Ezta dantzarik ere, Seminarixoan XXXIII. Dantza Txapelketa egingo da-eta. Jaiei bukaera emateko suzko erruberak izango direla.

Bergararrondako ezezik, kanpotarrendako ere gonbidapena luzatu nahi dugu. Aurten ere gaueko autobus zerbitzu berezia izango da larunbatean. Ordutegiak webgunean zintzilikatuko ditugu.

Eta ez ahaztu guzti-guztion jaiak direla. Hortaz, bizikidetzan, modu parte-hartzailean eta berdintasunean gozatu ditzagula. Ondo pasau!

Eranskinak: