Hauteskunde programan agindu genuen aparkalekua egingo genuela, eta orain Udalak hitz hori bete du. Herrian aparkatzeko leku faltan izaten garela ukaezina da; eta herritarrek behin baino gehiagotan eskaera hori egin izanak beharra berresten du. Are gehiago, Udalaren ustez estrategikoa da Bergararentzat erdigunean aparkatzeko aukerak erraztea, bai herritarrontzat zein arrazoi desberdinengatik bisitatzen gaituztenontzat; beste ate bat zabalik izatea bermatzen du honek. Bergarak hazkundea izaten jarraitzea errazteko eta herriko jarduera indartzeko beste pauso garrantzitsu bat da lur azpiko aparkalekua errealitate bihurtzea.

Ni neu ere herritar bezala deseatzen nago orain zapaltzen dugun lurraren azpian bergararron eta bisitarien ongizatea hobetuko duen azpiegitura berri hau martxan ikusteko. Asmoaren berri eman genuenetik sarritan galdetu izan digute parkingaren inguruko zehaztasunengatik. Bada, Udaleko Hirigintza teknikari buru Leticia Alvarezek eta proiektu teknikoa idazten diharduen BEB Arkitektoak SL estudioko arduradunek emango dituzte zehaztasun guztiak.

Gaur aurkeztutakoa proiektuaren oinarria da, eta orain batzarrak egingo dira interesa duten eragile eta erabiltzaileekin, proiektua osotasunean borobiltzeko.

Errege Seminarioko patioko lur azpian, solairu bakarrean, errotazioko aparkalekua eraikiko da. Proiektu teknikoaren idazketa BEB Arkitektoak SL enpresari esleitu zion Udalak aurtengo maiatzean, 34.424,5 eurotan. Aparkaleku berri honek 2.285 metro kuadro izango ditu, lauki zuzen itxura dauka eta bertan 86 aparkaleku-plaza aurreikusten dira; horietatik 3 mugikortasun mugak dituztenentzat eta beste 3 ibilgailu elektrikoentzat.

Ibilgailuen sarrera eta irteera Ibargarai kaletik egingo da, zehazki Justo Garate plazaren azpian dagoen aparkalekuko sarrerari paralelo. Bi sarrera-irteerak errazteko biribilgune erdi bat egitea proposatzen da. Oinezkoendako bi sarrera aurreikusten dira, bakoitza mutur batean kokatuta: bata Ibargarai kaletik eta bestea Herri Lagunak kalera ematen duen plazatxotik.

Seminarioko patioko urbanizazioari dagokionez, aipatzekoa da eremu horren eta Ibargarai kalearen arteko horma ezabatuko dela, eta ondorioz Ibargarai kaleko espaloi zabalagoak lotura zuzena izango duela Seminarioko patioarekin.  

Proiektuak aurreikusten du ahalbideratzea etorkizunean nahi izanez gero parkinga gehiago handitzea.