Gaurtik aurrera Udalak eraginkortasunean pauso erraldoi bat eman du. Aspaldiko helburu bat bete da, Bergararren @rreta Zerbitzua martxan jartzeko lehen harria bertan dago: Bulego Elektronikoa.

Bulego Elektronikoa egunero egongo da erabilgarri, Udaletxea zabalik dagoen bitartean. Bertan egin ahal izango dira tramite guztiak modu autonomoan. Lehenengo astean goizez langile bat egongo da herritarrei behar duten azalpen eta laguntzak ematen.

Hemendik aurrera, herritarrek ‘ventanilla única’ edo leihatila bakarrean egin ahal izango dituzte Udalarekin tramite guztiak, bai Bulego Elektronikoa izena duen makina honetan, bai bertara etorrita arretako langileekin, zein Internet bidez.

Hori gauzatzeko lanketa handia egin da Udaletxe barruan: herritarrei zuzenduta dauden tramite guztiak jaso dira, eskuliburu batean fitxa moduan estandarizatu, beste herri batzuetako arreta zerbitzuak bisitatu, langileen hautaketa egin, langile horiei formazio espezifikoa eskaini eta abar. Eta zerbitzuaren izena udal barruan egindako prozedura batean sortu da. B@Z, Bergararren @rreta Zerbitzua jartzea erabaki da, bergararrona eta bergararrontzat izango delako. Bergararren @rreta Zerbitzua osotasunean otsailerako prest egongo da.

Denbora luzea pasatu da Bergararren @rreta Zerbitzua izango denaren oinarri guztiak ondo finkatzen. Baina merezi izan du lan horrek guztiak, herritar guztion egunerokorako funtsezko zerbitzua delako.

Bergararren @rreta Zerbitzuak atentzio integrala eskainiko du; batetik, era guztietako informazioa eman; eta bestetik kudeaketa lanak egingo ditu (erregistroa, errolda, kobroak…). Gainera, bertan jasoko dira Udalera heltzen diren deiak, e-postak eta posta arrunteko mezu guztiak. Gero, handik bideratuko dira dagozkion sail edo zerbitzutara. Horrez gain, B@Zera joko dute Udaletxera datozen herritarrak.

Fisikoki B@Z kokatuta egongo da orain arte idazkaritza egon den tokian, eta bertan lau langile izango dira, Udalean barruan aukeratuak izan direnak. Dagoeneko formazio espezifikoa jasotzen ari dira. Lau mahai izango dira arreta egiteko, eta horrekin batera erabilera anitzeko bulegoa eta bilera gela. B@Zen ordutegia izango da astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:30era bitartekoa eta ostegunetan arratsaldez ere zabalduko da 16:00etatik 19:00etara. Horrekin batera, hemen alboan daukagun makina hau, bulego elektronikoa, deritzona egunero zabalik egongo da 06:00etatik 22:00etara bitartean, Udaltzaingoak Udaletxea zabalik daukan denbora berean.

Bulego elektronikoak ahalbideratuko du herritarrek, langile batengana joan gabe, tramiterik ohikoenak modu azkarrean, ordutegi zabalean eta modu autonomoan egin ahal izatea: errolda agiriak atera, isunak zein zergak kontsultatu edo ordaindu eta abar luze bat. Bulego elektronikoa martxan dago jada, eta lehen egunetan goizez langile bat bertan egongo da herritarrei makinaren funtzionamendua ondo ezagutzeko azalpenak ematen. Makina honetan egin ahal diren tramiteak gure webean jadanik egin daitezkeenak dira.