Zuzendari berria Bandako kidea da eta prozedura oso emankorra izan da. Horixe baieztatu dute Bandako zuzendaritzako kideek eta Bergarako alkate Elena Letek, Enrike Txurruka aurkezteko prentsaurrekoan. Izan ere, 2017ko azarotik Bergarako Udal Banda zenak udal izaera galdu badu ere, Udalaren eta Bandaren harremana oso estua da eta hala izaten jarraituko du alkatearen hitzetan: “Bergarako historia ezin da ulertu Bandarik gabe, gure historiaren, orainaren eta etorkizunaren oinarri garrantzitsua da; gainera, herrian oso maitatua da”.

Hala, azken 33 urteotan Bandako zuzendari izan den Alfredo Gonzalez Chirlaquek jubilatuko zela jakinarazi zuenean urduritasuna sortu zen Bandan. Une horretan Udalak Bandari babes handiena ematea erabaki zuen. Horretarako, hautaketa prozesu zirriborroa idatzi zuen Udalak; eta, ondoren, Bandako zuzendaritzaren ekarpenak jasota, martxan jarri zuten.

Lehenengo pausoa izan zen Bandako kideen artean hautaketan parte hartzeko izenematea zabaltzea; horren ostean, izena eman zutenek Musikenek gidatutako azterketak egin behar zituzten, eta Enrike Txurruka izan da emaitza onena eskuratu duena. Berak hartuko du kargua ekainean.

Bandako zuzendaritzako kide Aitor Morazak azaldu du Alfredo jubilatzeak kezka sortu zuela Bandan, baina Udalaren laguntzarekin prozedura landua eta gardena gauzatu dela eta Banda oso pozik dagoela zuzendari berria bertako kidea delako. Gainera, ilusio handiz hartzen dute etapa eta erronka berria, badakitelako Enrike Txurrukak lan ona egingo duela.

Enrike Txurrukak 30 urte daramatza Bandan eta oso eskertuta dago beragan jarritako konfiantzagatik. Bandako kideei eta Udalari eskerrak eman nahi izan dizkie; eta espreski Alfredori musika eta balioak irakatsi izanagatik. “Oso ilusionatuta nago, niretzat ohore handi bat da, eta konfiantza eman didaten guztiei bueltan emango diet”, azaldu du.

Horrez gain, Txurrukak aurreratu ditu bere asmoak bi ideia nagusitan: Alfredok esan ohi duen, berak ere hurrengoari Banda egoera onean uztea; eta Banda osatzen duten eragile guztiekin (musikariak, entzuleak, Udala, herriko eragileak…) gizartearen aldaketetara egokitzen asmatzea.

Azkenik, Alfredo Gonzalez Chirlaquek nabarmendu du Txurrukak bere konfiantza osoa duela: “Oso pertsona maitatuta eta errespetatua da Bandan. Zeregin honetarako gaitasun nahikoa dauka, eta edozertarako alboan izango nau”. Dagoeneko Enrike Txurruka Bandako zuzendari ordea da, eta hemendik ekainera bitartean karguak dituen zereginak ezagutuko ditu.

Aurrerapen gisa, igande honetan Bandak egingo duen kontzertuan Txurrukak berak zuzenduko du emanaldiko lehen obra.