Udalak erabaki du aurten ohikoa den dirulaguntzen programari lerro berri bat gehitzea: hain zuzen ere, elkarte eta taldeei berdintasunaren aldeko ekintza eta programak garatzeko dirulaguntzena.

Iaz onartutako Berdintasun Planaren testuinguruan oso aproposa ikusi zen gure herrian berdintasuna bermatzeko oinarri sendoak jarri behar direla. Arrazoi horregatik, dirulaguntzen programan lerro berri hau txertatzea erabaki da.

Hala, 6.000 euroko partida bideratu daegitasmo honetara. Eta zuzenduta dago irabazi asmorik gabeko elkarteei beti ere egoitza soziala Bergaran badute eta udalerrian genero-berdintasunarekin lotutako jarduerak gauzatzen badituzte. Eta era berean laguntza hauen onuradun izan daitezke Bergarako kolektibo edo herritar talde batek berdintasunarekin lotutako ekintza edo programa bat antolatzeko elkartzen bada.

Dirulaguntza lerro berri bat da eta udalerrian berdintasuna bermatzeko pauso berritzailea.

Diruz lagundutako ekintzak 2019an egin beharko dira eta alor hauek sustatu beharko dituzte: emakumeen ahalduntze eta partaidetza, biztanleen sentsibilizazioa, balio diskrimanatzaileak aldatzea, historian emakumeek egindako lana agerian jartzea, etab…

Eta proposamenak Udaletxean, Bergararren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratu eta 21 laneguneko epean. Horretarako ordutegia 07:30etik 15:30era da.

Proposamenak baloratzerako orduan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Emakumeek emakume izateagatik bizi dituzten desberdintasun egoeren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea.

-Emakumeen ahalduntzea sustatu eta autoestimua indartzea.

-Indarkeria matxistaren inguruko prebentzioa, sentsibilizazioa eta esku-hartzea sustatzea.

-Zailtasun bereziak dituzten emakumeentzat proiektuak izatea (atzerritarrak, zaintzaileak, etxeko langileak, dibertsitate funtzioanala dutenak…).

-Emakumeen arteko elkartasuna bultzatzea.

-Emakumeen parte hartze soziala eta politikoa bultzatzea.

Eta, aldiz, ez zaie dirulaguntzarik emango honako proiektuei:

-Aisialdirako baino ez diren jarduera-proiektuei.

-Genero ikuspegirik gabeko proiektuei.

Aurkeztutako eskaerak Udaleko Ongizate Sailak tramitatuko ditu.

Edozein zalantza izanez gero, etorri Berdintasun Zerbitzura. Zuen zalantzak argitu eta behar duzuen laguntza eskainiko zaizue.

Arloa: