Nabarralde Fundazioak eta Bergarako Udalak ahaztutako historia berreskuratzea helburu duen egitaraua prestatu dute, otsaila eta martxoan Bergaran gauzatuko dena.

Euskal Herriko historia eta nortasuna izenburupean, otsailean eta martxoan Bergaran erakusketa bat, hiru hitzaldi eta ikastaro bat biltzen dituen egitaraua antolatu dute Nabarralde Fundazioak eta Bergarako Udalak. Helburua, antolatzaileek azaldu moduan, “bere iragana ahaztu duen euskal lurraldearen eta historiaren kontaketa berreskuratzea” izango da. Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin antolatu da egitaraua. “Luzaroan gure historia beste batzuek kontatu dute, eta garrantzitsua da guk geuk kontatzea”, azpimarratu du Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinak. “Herritar guztiei egin nahi diegu jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena, baina bereziki garrantzitsua da gazteek ere gure historia ezagutzea”, gehitu du.

Horrez gain, azpimarratu du hiru erakundeen arteko elkar-lan aberatsa: “Nabarralde Fundazioa, Olaso Dorrea Fundazioa eta Udala elkarlanean aritzeak emaitza oso ona lortu du. Gainera, zabaldu eta indartu dira elkarlanerako asmo eta aukera berriak, segida izango dutenak”. “Nazioak desagerrarazteko egiten den lehenengo gauza haien memoria ezabatzea dela esaten zuen Milan Kunderak”, azaldu du Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak. “Horretarako, nazio horren kultura eta historia suntsitu eta beste kultura eta historia bat inposatzen dira. Historia berridazten da, jatorrizko nazioak zer eta nor den ahaztu arte”.

Euskal Herrian “hurbilekoa dugun errealitate” bat dela ere azpimarratu du, baita barneratu ditugun berridatzitako gertakariak ugariak direla ere: “Nafarroa Gaztelari libreki batu zitzaiola uste izan dugu, baita itsasaldeko lurraldea erresumatik banatu zela bertako erregea ez zuelako onartzen. edota euskararen atzerakada utzikeriagatik izan dela eta ez galarazi zigutelako. Bitartean, gure historiaren eta identitatearen mugarriak ezagutzea galarazi digute, hain zuzen herri bezala eraikitzen gaituzten oinarriak kenduz”.

“Telesforo Monzonen ildo nagusienetako bat izan zen gure historia berreskuratzea eta honen erdigunean Nafarroa jartzea. Horregatik bat dator Olaso Dorrean jardunaldi hauek gauzatzea. Elkarlanerako bide asko zabaltzen ari gara Udalarekin eta gustura gaude”, azaldu du Olaso Dorrea Fundazioko zuzendari Urko Aiartzak.

ZEHAZTASUNAK

Gure lurraldearen eta historiaren kontaketa berreskuratzeko eta ahanzturari aurre egiteko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak eta Bergarako Udalak egitarau zabala antolatu dute: Nafarroa, euskal Estatua erakusketa; otsailean zehar eskainiko den hitzaldi sorta; eta martxoan emango den Euskal Herriko historia ikastaroa.

Ikastaroaren helburua Euskal Herriko historian erabakigarriak izan diren gertakariak berreskuratzea izanen da. Izen-ematea irekita mantenduko da otsailaren amaiera arte, eta martxoan zehar eskainiko dira lau saioak, asteartetan.

Hitzaldiei dagokienez, gertakari historiko eta memoria leku garrantzitsuak izango dira mintzagai, Iñigo Larramendi, Angel Rekalde eta Juan Martin Elexpururen eskutik.

EGITARAUA

ERAKUSKETA

“Nafarroa, Euskal Estatua”

Otsailaren 2tik 16ra, Udaletxeko Pleno Aretoan.

Euskal Herriko historiaren gakoak eskaintzen dituen erakusketa: lurraldetasuna, oinarrizko datak, pertsonaiak, gertaera garrantzitsuak, e.a. Nabarraldek mendeetako euskal historia laburtu du, azken mila edo mila eta bostehun urteetan nafar Estatuaren inguruan aritu baita; funtsezko elementuak aurkeztea da helburua, erakusketa argiaz, esanguratsuaz, eta batik bat, pedagogikoaz.

HITZALDIAK

Otsailak 4, (asteartea), 19.00etan: “Nafarroa, Euskal Estatua” erakusketaren aurkezpena. Udaletxeko Pleno Aretoa. Hizlaria: Iñigo Larramendi.

Otsailak 11 (asteartea), 19.00etan: “Arantzazu, harriz herri“, dokumentalaren aurkezpena. Olaso dorretxea. Aurkezlea: Angel Rekalde. 

Otsailak 18 (asteartea), 19.00etan: “Euskararen historia” hitzaldia. Olaso dorretxea. Hizlaria: Juan Martín Elexpuru.

IKASTAROA

“Euskal herriko historia” Martxoaren 3tik 24ra. Asteartero, 19.00etik 21.00etara, Olaso dorretxean. Irakaslea: Beñi Agirre. Izen-ematea zabalik, otsailaren 29ra arte. Matrikula: 20,00euro. www.nabarralde.eus // Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzua.

Arloa: