Covid19 birusaren hedapena kontrolpean izateko asmoz Udaleko ateak itxita daude eta langile gehienek telelana egiten dute etxetik, baina langile guztiak lanean daude.

Hori horrela, Udalak gogorarazi nahi du egoera eta funtzionamendua ezohikoak badira ere, herritarrek telematikoki tramite guztiak egin ditzateketela, beti ere ziurtagiri elektronikoa badute.

Ziurtagiri elektronikoa ezinbestekoa da tramite askotan, legez tramite eskatzailea ondo identifikatu behar delako. Identifikazio zerbitzuak ematen dituzten entitateek luzatutako ziurtagiria izan behar da: besteak beste, Izenpe, Camerfirma edo Espainiako Moneta eta Tinbrearen Fabrika Nazionala (FNMT).

Tramiteak egiteko www.bergara.eus -en ‘Tramiteak’ eremura jo behar da. Eta han, Zerbitzu Telematikoak-en zehazten da tramite bakoitzerako zer dokumentazio behar den eta nora eta nola jo behar den.

Horrez gain, herritarrek aukera dute edozein kontsulta edo zenbait eskaera egiteko honako bideak erabiliz:

-010 telefono zenbakira deitu, 08:00etatik 18:00etara bitarteko ordutegian.

-baz@bergara.eus e-posta helbidera idatzi.

-“Bergarako Udala” Skype kontura deitu.

Tramite ohikoenak hauek dira:

-Biztanleen Erroldarekin zerikusia dutenak.

-Tasa eta zergekin lotutakoak: Kontsultak, helbideratzeak, ordainketak

-Gizarte zerbitzuekin lotutakoak: hitzorduak eskatzea, eskaerak aurkeztea, etab.

-Erreklamazioak, kexak, iradokizunak eta esker onak. (Udal webguneko inprimaki baten bitartez egiten da. Helbidea: https://www.bergara.eus/eu/Iradokizunak ). Ez da identifikazioa behar, baina ez da espedienterik sortzen, bertan jasotakoak Udala hobetzeko irizpide bezala hartzen direlako. Espedientea sortu nahi izanez gero, idazkia aurkeztu beharko da Udaleko erregistro orokorrean.

-‘Obra txikia’ egiteko udal-baimenaren eskaera.

Gainontzekoak: objektuen galera eta berreskuratzea; zaborren txartelak, liburutegiko txartela… ezin dira une honetan egin.