Larunbatean, uztailak 18, Sara Sozaya eta Eiharts musika taldeek kontzertua egingo dute Oxirondo plazan, 22:30ean, udako kultura programazioaren barruan. Kultura Mahaiak eta Udalak antolatuta.

Sara Zozaya Donostiako bakarlaria da, gaztea baina eskarmentuduna eta azken sasoian zeresan handia ematen ari dena. Hainbat musika proiektutan jardun ostean (The Roof, esaterako), Nerabe taldeko abeslaria da aspaldidanik. Horrez gain, bere kantu propioak, pertsonalenak, plazaratzen ere aritzen da bakarka zein hirukote formatuan. Multi-instrumentista ere bada eta erakutsi du musika estilo paleta zabala maite eta menderatzen duela pop-etik elektronikara besteak beste.

Gau berean agertokira igoko dira, baita ere, Bergarako Eyharts taldeko kideak. Eyharts Alayn Carazok eta Jokin Guridik sortutako ikus-entzunezko proiektu bat da. Ohiko kontzertu baten formatua mantentzen badu ere -musika sintetizadoreek lagunduta-, irudi anitzen nahasketek kontakizunaren transmisioa errazten dute.

Eyharts-en proposamena modu organikoan sortutako musika elektronikoa da. Beraz, zuzeneko bakoitza era desberdin batean planteatzen da, esperientzia berriak sortuz eta inprobisazioari ateak beti zabalik mantenduz.

 

Arloa: