Debagoieneko Mankomunitateak sustatutako Hazilan proiektuak gazte kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu.

Hazilan proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren barne dago eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatzen du. Proiektuaren 9.edizioa urriaren 19an hasiko da eta izena emateko epea urriaren 9ra arte zabalik dago. Eskabide orria Debagoieneko Mankomunitateko web orrian edota bertaratuta jaso daiteke. Hazilan proiektuak bi fase ditu: prestakuntza (zeharkako konpetentzietan) eta praktikak eskualdeko enpresetan.

Konpetentzia pertsonal eta profesionaletan trebatzeko tailerra azaroaren amaiera arte burutuko da, modu presentzialean, beharrezkoak diren segurtasun neurriekin. Ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egingo dituzte, lan-merkatura hurbildu eta lan-esperientzia hartzeko helburuz.

Baldintzak

Parte hartzeko honako baldintzak bete behar dira: 20-44 urte bitartean izatea, goi-mailako ikasketak amaituta izatea (Lanbide Heziketako goi-mailako ziklo bat edota unibertsitate ikasketak) eta Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea. Plazak mugatuak direnez, hautaketa egiteko elkarrizketak egingo dira urriaren 9ra arte izena eman dutenekin. Langabezian dauden pertsonek lehentasuna izango dute.

Informazio saioa on line

Proiektuaren berri emateko eta zalantzak argitzeko urriaren 7an, asteazkenean, 10:00etan aurkezpen jardunaldi bat antolatu du Mankomunitateak. Jardunaldia online egingo da. Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Argibideak jasotzeko edo izena-emateko 943 793090 telefonora deitu edo hazilan@debagoiena.eus e-posta helbidera idatzi daiteke.

Enpresei dei berezia

Enpresei ere gogorarazi nahi zaie, azaroaren amaierara arte zabalik dutela praktika-eskaerak egiteko epea. Orain arte hainbat jardueratako 60 enpresa baino gehiagok aukera hori baliatu dute, praktiken bidez kualifikatutako pertsonak ezagutu eta beren plantillan sartzeko.

Proiektu honetan parte hartu nahi duten enpresek 943 79 3090 telefonora deitu eta bilatzen duten profil profesionala zehaztu dezakete.