Aurreikusitakoa betez, gora egin du COVID-19agatik kutsatutako herritarren kopuruak. Une honetan, eta Osasun Sailak gaur argitaratutako datuen arabera, Bergarako azken 14 egunetako intzidentzia kopurua 100.000 biztanleko 533,19koa da. Eta ondorioz, Europako osasun agintariek ezarritako semaforoari jarraituz, eremu gorrian sartu da.

Atzo (urriak 22) iluntzean aurkeztu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik egoera berriari lotutako agindu eta gomendioak eta gaur gauean sartuko dira indarrean. Bergararen kasuan, datuen azken zenbatzeak eremu gorrian kokatzen badu ere, Eusko Jaurlaritzak dekretu batean edo ofizialki jakinarazi arte, ez zaio aplikatzen egoera epidemiologiko larria duten herrietarako egindako dekretua.

Larrialdi mahaiak bilera egin du gaur (urriak 23) eguerdian eta hainbat erabaki hartu ditu gaitzaren hedapena murrizten laguntzeko helburuarekin.

Merkatu txikia bertan behera utzi da, herritik kanpoko pertsonen etorrera saihesteko.
Baserritarren azoka edukiera murriztuta egingo da eta beharrezko osasun eta segurtasun neurriak hartuta.
Taldeko kirolak: printzipioz, asteleheneko jarduerak bertan behera utziko dira. Asteburuan aztertuko da egoera eta astelehenean erabakiko da.

Hauekin batera, kontuan hartu behar dira Eusko Jaurlaritzak EAEn emandako aginduak eta gomendioak. Topaketak 6 pertsonetara mugatzea gomendatzen da, edukierak %50 murriztuko dira eta ostalaritzak 00:00etan itxi beharko du, besteak beste. Udalerria modu ofizialean egoera epidemiologiko larria duten herrietako zerrendan sartzearekin batera, ostalaritzak 21:00etan itxi beharko du. Udaltzaingoak eman die honen berri jada ostalariei.

Bergarako udalak herritarrei eskatu nahi die zentzuz eta elkartasunez joka dezaten une honetan eta egindako gomendioak aintzat har ditzaten. “Une delikatua da hau, inoiz baino beharrezkoa da osasuna zaintzea, harreman sozialak ahal bezainbeste murriztea eta higiene neurriak betetzea. Ahalegin berezia egitea eskatu nahi diet bergararrei, orain har ditzakegun prebentzio neurriek etorkizunaren balantza alde batera edo bestera joatea ziurtatu baitezakete”, Gorka Artola alkatearen esanetan.

Asteburuan egoeraren jarraipena eginda beharra egongo balitz, edota aldizkari ofizialean argitaratuko balitz Bergara egoera epidemiologiko larrian dagoela, berriz batzartuko da larrialdi mahaia eta bertan erabakiko da neurri berriak hartu behar diren eta zeintzuk. Bestela ere, astelehenean bilera egingo du.

Astelehenean egitekoa den udalbatzaren osoko bilkura, printzipioz erdi-presentziala izango da. Udalbatzako kide batzuk udaletxean egongo dira eta beste batzuk modu telematikoan parte hartuko dute osoko bilkuran. Asteburuan egoera aldatuko balitz, hori aztertu eta telematikoki egitea aztertuko dute. Edozein kasuetan, herritarrek ohikoa den moduan, telematikoki jarraitzeko aukera izango dute.

Irakurri Eusko Jaurlaritzak argitaratutako informazioa: https://labur.eus/s8sGT