Bergarako eguneko zentroaren eraikin berriko lanak amaitu berri dira eta azaroaren 2an zabaltzea aurreikusita dago. Gorka Artola alkatea eta Ainhoa Lete Ongizate zinegotziak ostiralean ikusi ahal izan zuten eraikina. Udalak hitzarmen bidez lortutako eraikina GFAk kudeatuko du. 50 urterako zesioa egin da, gauza bera, eraikin zaharraren kasuan, udalaren esku geratuko dena. Eguneko zentroko zuzendariarekin, erizainen arduradunarekin eta Aita Menniko kudeatzailearekin batera egin zuten bisita.

Aspalditik datorren beharra da zerbitzuaren handitzea, 2014an egindako hitzarmenean jasota dago. Ohiko egoeran, 25 plaza eskaintzetik 40 eskaintzeko aukera egongo da. Gaur egun, ordea, osasun egoera aintzat hartuta, murriztuta dago eskaintzen den plaza zerbitzua 18ra. Oraingo handitzearekin 24 pertsona artatzeko aukera izango da.

Zentroaren erabiltzaileek dituzten beharrak asetzeko beharrezko tresneria egongo da, haien bizitza ahalik eta gehien erraztu asmoz.

Gorka Artola alkatearen ustez, “aspalditik espero genuen zerbait zen hau, ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua ematea nahiko genuke. Une onean dator, COVID-19aren eraginez are gehiago murriztu behar izan delako eskaintza. Gure herriko pertsona helduek behar dituzten zerbitzu guztiak eskura izan ditzaten nahi dugu. Haiek egindako lanari esker ditugu guk gaur egun ongizatea bermatzen dizkiguten tresnak. Guri dagokigu orain, hirugarren, laugarren adinean dauden pertsonen ongizatea bermatzea”.