Udal gobernuak Pandemiari Aurre Egiteko Plan Integrala egin du. Honen aurkezpena egin du azaroaren 11n eta lanean aritu diren pertsonei aitortza ere egin die Gorka Artola Alkateak “azken hilabeteotan Udalarekin batera lanean aritu diren eragileei eskerrak emateko ere baliatu nahi dut. Izan ere, herri bezala erantzun diogu COVID-19ak eragindako egoerari, erantzukizunez eta elkar zainduz. Aurrerantzean ere horrela izatea espero dugu. Aipamen berezia egin nahi nieke Bergara zaintzen sarean aritu diren boluntarioei”.

COVID-19aren ondorioz martxoaren erdialdetik aurrera sortutako testuinguruak behar berriak sortu eta kudeatu beharra ekarri du. Larrialdi egoeran sortutako premia eta oinarrizko beharretatik hasi eta testuinguru berrira arloak egokitu behar izan dira, izan ere, osasun krisi gisa hasi zena, berehala bihurtu zen krisi ekonomiko eta soziala ere.

“Krisialdi globalari erantzuteko, hortaz, plan osoa, integrala osatu dugu. Bizitzaren arlo guztiak barnebiltzen dituena, neurri handiek eta txikiek osatzen dutena”, alkatearen esanetan. Guztira, momentuz, 2.188.000 euroko inbertsioa aurreikusten da. Horietatik erdia, 1.095.352 euro, aurrera begirako ekimen eta lanetan inbertituko da.

Gorka Artola alkatearekin batera, Ainhoa Lete, Ekaitz Aranberri, Nagore Iñurrategi eta Juan Luis Gonzalez.

Bi parte ditu aipatu planak, batetik, orain arte egin diren lanen eta inbertsioen bilduma egiten da eta bestetik, aurrera begirako proposamenak jasotzen dira. Egoera aldakorra dela aintzat hartuta, malgua izango da plana, sortuko diren behar berriei ere erantzuteko.

“Bizitza erdigunean jarriz eta ikuspegi global batetik, hiru ardatz nagusiren bueltan landu dugu Bergara berriz aurrera begira jartzeko plan integrala: bizitzen ari garen larrialdi egoeraren eragina txikitzea, biztanleriaren sektore sentikorrenak aintzat hartzea eta ekonomia suspertzen laguntzea”, Ainhoa Lete zinegotziak azaldu duenez.

Letek azaldu duenez, “egoera kudeatzen hasi ginenean, lehentasuna eman genion egoera zaurgarrian egon zitezkeen kolektiboei eta horretara bideratu ziren indarrak, bai pertsonalak eta baita ekonomikoak ere. Izan ere, horrelako egoeretan, kaltetuena beti izaten da baliabide gutxien duen pertsona. Eta horiek bereziki zaindu nahi izan ditugu. Bai pertsona helduak. Eta nola ez, hezkuntzarako eskubidea bermatu nahi izan diegu Bergarako ikasleei, Udalak dituen baliabideen baitan, behintzat”.

Horretara bideratutako neurrietako batzuk: oinarrizko elikadura bermatzea, gizarte larrialdietarako laguntzak, hezkuntza desabantaila egoerak txikitzeko laguntzak edota nagusienei arreta bakardadean.

Ekonomia suspertzeko laguntzak eta hobariak ere bideratu dira; tasa eta zergen ordainketan moldaketak eginez, tokiko merkataritza eta ostalaritzari laguntzak bideratuz, edota herriko merkataritza biziberritzeko plana eginez.

“Kultura, kirol eta haurren aisialdian ere inbertitu dugu, uste dugulako, batetik, kulturarik gabeko herri bat herri pobrea, iluna dela, eta ez da hori nahi dugun Bergara. Eta bestetik, pandemiaren lehen hilabeteetan, bereziki baztertu den sektorea haur-gazteena izan zela aintzat hartuta, udako aisialdia eskaintzeko ahalegina egin genuen”, Ainhoa Leteren esanetan.