Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzeko helburuz, diruz lagundutako eta Bergarako herritarrei zuzendutako erosketa-bonuen bidez kanpaina berria abiatuko da bihar, azaroak 18. Eta urtea amaitzearekin batera amaituko da. Gaur egin dute aurkezpena merkatariek eta Ainhoa Letek, Ekonomiaren sustapenerako zinegotziak. Merkatariek Udalaren zein herritarren laguntza eskertu dute. 

Bonoak.eus aplikazioa izango da udazken-neguko kanpaina honen oinarria. Bertan eman beharko dute izena erabiltzaileek eta baita merkatariek ere. Joan den astean, jada hasi dira kanpainara atxikitzen Bergarako merkatariak eta herritarrek, 'bonoak.eus' aplikazioan alta emanda izango dute herriko merkataritza laguntzeko aukera. 

16 urte baino gehiago dituzten Bergaran erroldatutako herritarrak izango dira diruz lagundutako erosketa-bonuen onuradunak. Erosketa-bonuetan aplikatuko diren diru-laguntzak honakoak izango dira: 

  • Elikagaiak ez diren produktuen salmenta: %20. 

  • Jatetxeak, tabernak, kafetegiak, tabernak eta ostatuak: %20. 

  • Zerbitzu pertsonalak (ile-apaindegiak, estetika zentroak, konponketak, bestelakoak... %20 

  • Osasunarekin lotutako zerbitzuak: %5 

  • Hezkuntza ez arautua: %5 

  • Elikagaien salmenta: %5. 

Aurreko kanpaina bonu guztietan aplikatzen zen diru-laguntza portzentaje berbera, oraingoetan, ordea, ez.  120.000 euro inbertituko ditu Bergarako udalak kanpaina honetan. 

Aurrekoarekiko beste aldaketa bat ere badago; modu digitalean ez ezik, fisikoki ere eskuratu ahal izango dira oraingoan erosketa-bonuak, bertan parte hartzen duten establezimenduetan. 

Diruz lagundutako bonuak 2020ko abenduaren 31a baino lehen erosi ahal izango dira, Udalak kanpaina honetarako bideratutako kopurua lehenago agortzen ez bada behintzat. Eta abenduaren 31n amaituko da kanpaina. 

Erosketa-bonuak 'bonoak.eus' web aplikazioaren bidez eskuratuko dira, zuzenean edota kanpainara atxikitako establezimenduen bitartez. Bonuak zuzenean erosteko eman beharreko urratsak: 

  • “bonoak.eus” web aplikazioan alta eman. 

  • Erosketa egingo den establezimendua aukeratu. 

  • Bonuaren zenbatekoa aukeratu eta erosi. 

Bonua erositakoan, PDF formatuko fitxategi bat deskargatu ahal izango da “bonoak.eus” web aplikaziotik. Fitxategi hori eroslearen e-mailera ere bidaliko da, eta “bonoak.eus”eko erabiltzaile kontuan eskuragarri izango da 2020ko abenduaren 31ra arte. Bonuen erosketa ordainketa-atari baten bidez egingo da. Horrek eragiten duen kostua bere gain hartuko du Bergarako udalak. 

Erabiltzaileentzat argibideak

Merkatarientzat argibideak