Azaroaren 16an egin du lehen bilera Bergara 2030era begira jarriko duen plan estrategikoa garatzeko talde eragileak. Agenda 2030aren baitan garatuko da prozesua, eta udalerriko ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren garapenaren artean oreka lortzeko ekintza plana zehaztea izango da plan estrategikoaren azken helburua.

Lanketa prozesuaren baitan hainbat talde aurreikusten ditu proiektuak, bakoitzari betebehar zehatzak ezarriz, eta herritarrekin parte hartzea bermatzeko ere hainbat foro aurreikusten ditu. Talde eragilearen eginbeharra prozesua zuzentzea da. Taldeak alde politikoa eta teknikoa biltzen ditu, eta horretarako, udaleko teknikariek, prozesuan laguntzen duten teknikariek eta udal gobernuko ordezkariek osatzen dute.

EAJko udal taldeak erabaki du talde eragilean parte ez hartzea, prozesuari ez diolako “plan estrategiko izaera aitortzen”. Hala ere, prozesuan parte hartuko duela eman du aditzera. Udal gobernuak adierazi du udalbatzako gainontzeko talde politikoek aurrera begira ere aukera izango dutela talde eragilean parte hartzeko, eta gainontzeko foroetan ere adostasunak lortzeko konpromisoa erakutsi du.