'Pauso Berriak', Gureakek eta Atzegik sustatzen duten programaren bitartez Bergarako udalean lanean ari den Markel Berrocali aitortza egin diote Gorka Artola Bergarako alkateak eta lankideek.

Bergarako udaletxeko arreta zerbitzura gerturatzen den pertsona oro hartzen du Markel Berrocalek. Herritarrei behar duten informazioa emateaz arduratzen da eta lehen tramiteak egiten laguntzen die. Arreta unea eta gunea humanizatu egin du, bere laguntzeko prestutasun eta jarrera irekiarekin. Urtebete pasa hasi zen Udaletxean lanean eta bertan jarraituko du.

Bere perfila eta gaitasunak aztertu zituzten Gureaken, eta bere tutorearekin batera aztertu ziren ondoren udalean izango zituen eginkizunak. Herritarrei harrera egiteaz gain, beste hainbat lan ere egin ditu Berrocalek hilabete hauetan.
COVID-19ak eragindako egoera honetan, pandemiak eragindako etenaren ondoren udaletxera bueltatu denean, prebentzio neurriak kontrolatu eta eraikinean sartzeko jarraitu beharreko irizpideen berri ere ematen die herritarrei eta ordenagailu bidez txanden kontrola ere egiten du.

Bere lankideek estimu handia diote eta “hitzekin ezin da eskertu zenbat ematen duen”, diote. Ondo integratu da taldean eta, gainera, barruko jarreretan eragin du. “Langile eta lankide bikaina” izan dela diote.

'Pauso berriak' programaren diploma jaso du Bergarako udalak Markel Barrocalen lan integrazioan hartutako konpromisoagatik. Gorka Artola alkatea eta bere lankideak egon dira ekitaldian. Alkateak nabarmendu du, “programa honen bitartez, benetako inklusioa lantzen da eta horrela, urrats errealak ematen ditugu pertsonen arteko berdintasunean. Herritarren berdintasuna oinarrizko ardatza da Bergarako udalean. Baina ez hori bakarrik, gazteei lanerako aukera eta ondorioz, formatzen jarraitzeko aukera ematen zaie”. Urte batzuk dira Udalak Gureakekin hartu-emana abiatu zuela.

'Pauso Berriak' Atzegik eta Gureakek abian jarritako ekimena da eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dago. Zerbitzu okupazionalean dago kokatuta, baina merkatu arruntean, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea ikusaraztea eta laguntzea du helburu. Duela 11 urte jarri zen abian eta dagoeneko 160 erabiltzaile ditu Gipuzkoa osoan zehar.

Atzegi, adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, familia talde batek sortu zuen 1960. urtean, adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde egiteko.
Gureak enpresa-taldeak desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbidea luzean zehar, 40 urte baino gehiago, Europan erreferente bihurtu den inklusio soziolaboraleko eredu enpresariala sortu du.