Hiru aste dira merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzeko helburuz, erosketa-bonuen kanpaina abiatu zela. Bergarako udalak udazken-neguko kanpaina honetan 120.000 euroko inbertsioa egin du. Orain arteko (abenduak 9) Udalaren hobaria 62.914 eurokoa da, alegia, inbertsio osoaren erdia.

16 urte baino gehiago dituzten Bergaran erroldatutako herritarrak dira diruz lagundutako erosketa-bonuen onuradunak. Une honetan, 4.196 bono erosi dituzte bergararrek. Horietatik 3.268 offline (dendan) eta 928 online. Eta dirutan, 379.536 euro gastatu dituzte herritarrek bonoen bitartez. Horietatik offline 281.453 euro eta online 98.083 euro. Udaberrian egin zen bonoak.eus kanpainarekiko berrikuntzetako bat izan da dendan bertan erosteko aukera, eta orain arteko datuen arabera, era honek internet bidezkoak baino arrakasta handiagoa izan du.

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduei, bertan gastatzeko gehienezko diru-kopurua ezarri zaie, 15.000 euro. Modu honetan, establezimenduen arteko banaketa orekatzea bilatzen da. Une honetan hiru dira 15.000 eurotako topea eginda daukaten establezimenduak: Lazkano oinetakoak (Kirol oinetakoak), Lonbide oinetakoak (kalerako oinetakoak) eta Xamartin (kirol arropa denda). Eta beste bi dira topera iristekotan daudenak: Urkiola (arropa denda) eta Zangitu dekorazioa (etxeko oihalak).

Kanpaina hau urtea amaitzearekin batera amaituko da. Beraz, oraindik ere aukera dago merkataritza-bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea laguntzeko.
Bi aukera daude, esan bezala, atxikitako establezimenduetan bertan edota internet bidez bergara.bonoak.eus aplikazioaren bitartez. Azken modu hau erabiliz gero, aplikazioan izena eman behar da; erosketa egingo den establezimendua hautatu; bonuaren zenbatekoa aukeratu eta erosi.

Bonua erositakoan, PDF formatuko fitxategi bat deskargatu ahal izango da “bergara.bonoak.eus” web aplikaziotik. Fitxategi hori eroslearen e-mailera ere bidaliko da, eta “bergara.bonoak.eus”eko erabiltzaile kontuan eskuragarri izango da 2020ko abenduaren 31ra arte. Bonuen erosketa ordainketa-atari baten bidez egingo da. Horrek eragiten duen kostua bere gain hartuko du Bergarako udalak.