Abenduaren 21ean egin du Bergarako udalbatzak ohiko osoko bilkura. Gai-zerrendan jasotako gaiak aho batez onartu ditu. 2020ko azken bilkura honetan, gai-zerrendan ez zegoen, eta bozeramale batzordean landutako COVID-19ak eragindako egoeraren inguruan adierazpena egin dute.

Adierazpenaren bitartez, besteak beste, herritarrei eskatzen zaie Gabonetan ere zorrotz errespetatzea orain arte emandako jarraibideak; maskara erabiltzeak, distantzia gordetzeak eta 6 lagun baino gutxiagoko taldeetan aritzeak gure gertukoenen heriotzak ekidin baititzakete.

Udalaz haragoko goi erakundeetako arduradunei eskatzen die behar besteko baliabideak jartzeko osasun zentro publikoetan. Eta horretarako ezinbestekoa izango den lankidetza eta elkarlana aldarrikatu ditu. Ildo berean, goi agintariei udalarekin elkarlan lerroak zehaztea ere eskatzen die eta neurri bereziak hartzeagatik kaltetzen ari diren sektoreak laguntzez behar beste hornitzea, familia askoren diru iturria nagusia moztuta premia larrian gelditzen ari baitira.

Bergarako udalak konpromisoa hartzen du, halaber, familiar eta herritar zaurgarrien esku jarriko dituela udalaren baliabideak, gainerako erakundeekin batera diru laguntza lerroak aztertuz.

Adierazpen hori bera baliatu du udalbatzak Bergarako herritar guztiei Gabon zoriontsuak opatzeko, 2021a ilusioz eta esperantzaz bizi ahal izateko.

BKE Bergara kirol elkartearekin, Agorrosineko lurzati batzuen inguruan sinatutako hitzarmenaren aldaketa ere aho batez onartu zen. Joan den astean aurkeztu zuten bi aldeek prentsaurrekoan hitzarmenaren edukia. 

Agerraldi horretan Gorka Artola alkateak azaldu zuen: “esfortzua egin da egoera ekonomiko berezi honetan aurretik zetorrena moldatu eta proiektuarekin aurrera ahal izateko”. Hitzarmenaren bitartez, Bergarako udalak konpromisoa hartu du belar artifizialezko zelai bat eraikitzeko, Bergara Kirol Elkartearekin hitzartutako 11ko futbolerako arauzko neurriekin, eta gaur egun Agorrosin futbol-zelaia dagoen lekuan.

Mugiment kirol txartelaren proiektuan jarraitu ahal izateko hitzarmena ere aho batez onartu da. Mugiment Kirol Txartela txartel birtual bat da, eta aukera ematen die udalerri bateko udal kirol-zerbitzura abonatutako pertsonei Euskal Autonomia Erkidego osoan atxikita dauden kirol-instalazioetan sartzeko. Ekimen honekin, instalazio eta kirol mota gehiago eskaini nahi zaizkie herritarrei, eta baliabide publikoak hobeto kudeatu, orain dauden kirol-azpiegituren erabilera optimizatuta. 

Bileraren bideoa Bergarako udalaren Youtube kanalean ikus daiteke.