Abenduaren 22an Alkateak emandako Dekretu baten bitartez, Bergaran terraza jartzeko baimena duten ostalaritzako edo antzeko jarduerei toldo edo haimak jartzeko baimena eman zaie, 2020ko abenduaren 23tik 2021eko urtarrilaren 7ra arte. Ezinbestekoa izango da une oro toldoak edo haimak instalatzeko ezarritako baldintzak betetzea. Bestalde, herritarrei gomendatzen zaie egunotan ere osasun agintarien gidalerroak errespeta ditzaten.

Kontuan izan da, jaietan, jarraitutako irizpidea: ordenantzak baimentzen ez badu ere, salbuespena egin da festetan, eta hainbat tabernak haima edo antzekoak jartzeko eskaerari baiezkoa eman izan zaio.

Bestetik, COVID-19ak eragindako osasun-arazoak ostalaritza-jardueraren antolaketarako terrazen premia areagotu egin du. Negu-garaian gaude eta eguraldiaren iragarpenak direla-eta aterpe-premiak handiak dira.

Honako baldintza hauek bete beharko dituzte toldoa edo haima jarri nahi duten ostalariek:
1.- Toldo edo haima zein antzeko instalazioek, betiere, baimenduta duten terrazaren azalera izango dute gehienez, eta ezingo da gehiago okupatu. Hau beteko ez balute, instalazioa kenarazteaz gain, baimenik gabeko okupazioa egin dela ulertuko da.
2.- Toldo edo haima zein antzeko instalazioak ezingo dira lurrera ainguratu; ezingo da lurra zulatu horiek eusteko.
3.- Toldo edo haima zein antzeko instalazioak irekiak izango dira, baina halere  gehienez ere 2 albotako itxitura izateko aukera onartzen da.
4.- Udaltzaingoak honen jarraipena egingo du eta ezarritako baldintzak ez betetzeak dagozkion ondorioak izango ditu jardueren titularrentzat.
5.- Terrazak erretiratzen direnean instalazio hauek ere erretiratu egingo dira.
Erabakia terraza jartzeko baimena duten herriko ostalaritzako edo antzeko jarduerei jakinarazi zaie.