Gaur, urtarrilak 4, hasi dira Bergarako Udaleko langileak herriko sarreretan 30 km orduko abiadura muga ezartzen dituzten bide-seinaleak jartzen. Eta ondorioz, hemendik aurrera hori izango da abiadura muga.

Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) bide-segurtasuna handitzeko helburuarekin Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra moldatu du Dekretu bidez. Ekainerako herri guztiek egin behar dituzte beharrezko moldaketak. Beraz, Bergarako Udalak urtea hastearekin batera ekin dio egokitzapenari oinezkoen segurtasuna handitzeko helburuarekin. Beste hainbat lekutan ere jada hasiak dira egokitzapenak egiten.

Dekretuak jasotzen du errei bakarra eta zirkulazioaren noranzko bakarra duten kaleetan, muga 50etik 30era jaitsiko dela. Bergaran herrigune osoan, alegia.

Abiadura muga jaisteak, oinezkoen segurtasuna handitzen du eta autoen kutsatze maila murriztu.

Abiadura-mugaren seinaleak, herri sarreretan dauden lokalizazio-seinaleen gainean jarriko dira. Bergara iparraldeko sarreratik hasi (gaur), ondoren ekialdekoan, hegoaldekoan jarraian eta Elosuko barne sarrerarekin amaituko dute. Aurreikuspena da aste honetan bertan bide-seinale guztiak jartzea.