Bergarako Udalak otsailaren 13rako antolatu duen Pirritx, Porrotx eta Marimotsen emanaldian ere COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak jarraitzea ezinbestekoa izango da.

Herritarrei eskatzen zaie, mesedez, denborarekin hurbiltzeko udal pilotalekura, sarreran jende pilaketak ekiditeko. Jendea emanaldira sartzeko ateak 17:15ean irekiko dira.
Pilotalekura sartzeko eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira, eta hanka azpiak alfonbra desinfektantearekin.

Pilotalekuan derrigorrezkoa izango da maskara jantzita edukitzea. 6 urtetik beherako umeei ere gomendatzen zaie musukoa janztea, nahiz eta derrigorrezkoa ez izan. Emanaldian ezingo da ez jan, ez edan. Horretaz gain, beharrezkoa da segurtasun distantziak mantentzea. Etxe berekoak elkarren ondoan egon ahal izango dira sarrerak markatutako eserlekuetan, baina besteekiko metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da nahitaez.

Emanaldiaren bukaeran ezingo da inor kantxara irten. Irteera mailakatua egingo da, bai tribunan eta baita gradetan ere, azkenengo lerrotik hasita aurrekoetara iritsi arte. Atzeko lerroko guztiak irten arte ez dira aurreko lerrokoak mugituko. Irtetzeko sartzeko erabili den ate bera erabili beharko da. Irteeran ere beharrezkoa da segurtasun distantzia mantentzea.

Umeen kotxeak kanpoan gordeko dira, pilotalekuaren aurrealdean ipiniko diren karpetan. Ume-kotxe bakoitzaren jabeari zenbaki bat duen txartel bat emango zaio, gero jasotzerakoan langileari txartel hori emateko.

Udal pilotalekuaren beheko aldean, tribunan, eserlekua dutenek hiru sarrera izango dituzte: ezkerreko tribunan eseriko direnak ezkerreko sarreratik sartuko dira, erdiko tribunan eseriko direnak erdiko sarreratik eta eskuineko tribunan eseriko direnak eskuineko tribunatik. Goiko gradako eserlekua dutenak, berriz, ezkerreko ate txikitik sartuko dira, zuzenean goiko solairura eramaten duten eskaileretatik.

Ikuskizunak irauten duen denbora guztian sarrera nagusia zabalik mantenduko da, pilotalekuko airea berritu dadin.