Otsailaren 22an egin du Bergarako Udalbatza Osoak ohiko batzarra. Besteak beste, bide publikoan terrazak jartzea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa onartu da. Orain arte indarrean zegoen ordenantzak ez zuen aurreikusten bide publikoan ostalaritza establezimenduen terrazek egiten duten okupazioan aldaketarik egitea. 

Osasun pandemiaren ondorioz, behar berriak sortu dira ostalaritzan bezala beste hainbat arloetan eta indarrean zegoen ordenantzak ez zuen ahalbidetzen tabernetako terrazen zabalpena handitzea edota toldoak eta halakoak jartzea. Orain onartu den aldaketarekin, jasotzen da dekretu bidez arautu daitekeela gaia eta ondorioz, sortu diren edo aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko aukera zabaldu da. 

EH Bilduk alde bozkatu zuen (9 boto), EAJ-PNVk kontra (6 boto) eta PSE (boto 1) abstenitu egin zen. Nagore Iñurrategi, gobernu taldearen bozeramaleak azaldu zuenez, “ostalariekin egindako lanketaren emaitza da egindako proposamena, haiek duten beharrari erantzungo diona”. Udaleko bulego teknikoak ostalari bakoitzari proposamen pertsonalizatua egin dio terrazaren antolaketaren inguruan. 

Ordenantzarako proposatu den aldaketa 30 egunez egongo da erakusgai alegazioak egin ahal izateko eta ondoren onartuko da. 

Hainbat hitzarmen ere onartu ziren. La Caixarekin dagoen hitzarmena luzatzea onartu zen, adibidez. Caritas elkartearekin eta Lokatza ZE elkartearekin lokal banaren erabileraren inguruan edota Olaso Dorrea Fundazioarekin, dorrea herritarrei zabaltzeko, bisita gidatuen bitartez edota Monzon-Ganuza saria emateko. Lehenengo hiruak EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin eta EAJ-PNV abstentzioarekin onartu ziren. Olaso Dorrea Fundazioaren hitzarmenaren puntuan EH Bilduk alde bozkatu zuen, EAJ-PNVk kontra eta PSE abstenitu egin zen. 

Martxoaren 8a dela eta, aho batez onartu zuten udalbatzako hiru alderdiek adierazpen instituzionala. 

Gai zerrendaz kanpo PSEk COVID egoerak kaltetutako familiei eskola materiala erosteko laguntzak ematea proposatu zuen eta aho batez onartu zuten hiru taldeek. 

 

Bilkuraren bideoa