2019ko martxoan sinatutako hirigintza-hitzarmenean jasotako epeak egungo egoerak eraginda bete ezingo zituela arrazoituta, Soraluce S. Coop. enpresak horiek malgutzea eskatu zuen. Epeetan aldaketa horiek eginda sinatu dute bi aldeek hitzarmen berritua orain.

“Soraluce S. Coop.” enpresak 2020ko azaroaren 2ko udal erregistro-sarrerarekin idatzia aurkeztu zuen, non besteak beste adierazten zuen COVID-aren pandemiak ekonomian eragin zuzena izan duela eta baita ere beraien alorrean ere (makina-erremintaren arloan). Horrenbestez, 2020ko Kudeaketa Planean aurreikusten zela fakturazioan % 20ko jaitsiera eta eskaeretan % 30aren jaitsiera. Halaber, pandemiaren bigarren olatuak ere 2021eko aurreikuspena iluna ondorioztatzen zuela gaineratu zuen. Egoera honek eraginda, eta kontuan izanik Lidl-i egingo zioten Amillaga poligonoko pabiloien salmentak ezin izango zuela estali Osintxun eraiki behar zuten pabiloi berriaren inbertsioa, adierazten zuen “Soraluce S. Coop.”k ezin izango zituela hirigintza-hitzarmeneko bigarren estipulazioan ezarritako betebeharrak epeetan bete, eta, horrenbestez, eskatzen zuen aipatutako bigarren estipulazioko epeak luzatzea eta Lidl Amillagako pabiloian –hirigintza-hitzarmenean eta beraiekin izenpetutako kontratuan finkatutako epeetan– ezarri ahal izateko abian dagoen Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bigarren aldaketarekin jarraitzea.

Udalbatzak 2020ko azaroaren 30ean erabaki zuen “Soraluce S. Coop.”rekin Osintxu auzoko 44. arearen garapen industrialerako adostutako hirigintza-hitzarmenaren aldaketa onartu aurretik, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 7. xedapen gehigarriak agintzen duen moduan jendaurrean jartzea eta, horretarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirigintza-hitzarmena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2020ko abenduaren 16an argitaratu zen, eta emandako 20 eguneko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Udal arkitekto zerbitzuburuaren txostenari eta Lurraldeko batzordearen proposamenari jarraituz, Udalbatza osatzen duten 17 udalkideetatik bertaratutako 16ek, aho batez, erabaki dute: Soraluce S. Coop.”rekin Osintxu auzoan, 44. arearen garapen industrialerako adostutako hirigintza-hitzarmenean eskatutako aldaketa onartzea.