Bergarako Udalak, kultura mahaiarekin lankidetzan, apirila eta pazko asterako ere kultura egitarau oparoa prestatu du. Udaleko zein kultura mahaiko ordezkariek egin duten agerraldian eman dute horren berri. Kultura emanaldiak eta tailerrak egingo dira. Emanaldietarako sarrerak martxoaren 18an jarriko dira salgai, seminarixoa.eus webgunean. Tailerretarako izena eman beharko da martxoaren 18tik 26ra bergara.eus webgunean.

Jai egun horiek ere, azken urtea bezala, ez-ohiko egoeran pasa beharko ditugu. Bergarako Udalak, bergararrek kultura eskaintza oparoa eta herrian bertan izan dezaten apustua egin du, pandemia garaian egiten ari den moduan, “herri bizia, sortzailea delako gurea”, esan du Kristina Markina kultura zinegotziak.

Badira hilabete batzuk Bergarako Udala eta Bergarako kultura mahaiaren arteko lankidetza hasi zela, eta Bergarako Udalak esker oneko hitzak baino ez ditu kultura mahaiarentzat. “Izugarrizko ekarpena egiten dute, eta ekarpen horren emaitza da herrian dagoen kultura egitarau oparoa”, Markinaren ustez.

Lankidetza horren harira aste santu eta pazko asterako ere hainbat ekitaldi antolatu dira, Maider Osa kultura teknikariak azaldu dituenak.

Hiru musika kontzertu izango dira: Dupla taldea, Pelax eta Ibil Bedi talde nafarra.

Antzerki emanaldiak ere bai: Helduentzako Atzerrian lurra garratz Artedrama konpainiaren lana eta umeentzako Panta Rhei antzerki taldearen Noa Uy, uy, uy.

Horretaz gain, zine emanaldiak ere bai haurrentzako eta helduentzako.

Azkenik tailerrak: Dantza tailerra Camden Town akademiaren eskutik eta eskulan tailerra Izeder dendaren eskutik. Tailerrak Seminarioko patioan egingo dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da Udaleko web-orrian: www.bergara.eus helbidean. Plazak mugatuak izango dira, eta Bergarakoei lehentasuna emango zaie. Horretaz gain, plazak betez gero izena emateko ordena errespetatuko da. Izen-emate epea: martxoaren 18ko 12:00etatik martxoaren 26ko 12:00etara, plazak lehenago betetzen ez badira.

Apirilak 1, 19:00 Dupla taldearen kontzertua Seminarixoan. Sarrera: 8€
Apirilak 2, 19:00 Atzerrian lurra garratz antzezlana Seminarixoan. Sarrera: 8€
Apirilak 3, 19:00 Pelax taldearen kontzertua Seminarixoan. Sarrera: 8€
Apirilak 4, 16:00 Zinea haurrentzat. 18:30 Zinea helduentzat.
Apirilak 5, 18:30 Zinea helduentzat.
Apirilak 7, 11:00 Hiriko dantzak ikastaroa Camden Town-en eskutik Seminarixoko patioan. 2 saio izango dira: 11:00 – 12:00 6-11 urte bitartekoentzat. 12:00 – 13:00 11-16 urte bitartekoentzat. Aldez aurretik izena eman behar da. Dohainik.
Apirilak 8, 18:00 Noa uy, uy, uy Panta Rhei taldearen haurrentzako txotxongilo emanaldia Seminarixoan. Sarrera: 4€
Apirilak 9, 11:00 – 13:00 6-16 urte bitartekoentzat eskulan tailerrak Izeder dendakoen eskutik. Aldez aurretik izena eman behar da. Dohainik. 2 taldetan banatuko dira partaideak.
Apirilak 10, 19:00 Ibil bedi musika taldearen kontzertua Seminarixoan. Sarrera: 8€.
Apirilak 11, 16:00 Zinea haurrentzat. 18:30 Zinea helduentzat.

Ekitaldietarako sarrerak martxoaren 18an 18:00etan jarriko dira salgai. Informazioa www.seminarixoa.eus helbidean. Programa honen kostua: 8.569€ (BEZ barne), zine emanaldiak aparte.

*Argazkia: Goiena.