Bergara izan, bizi, ekin planean jasota dauden egitasmoetatik 2021ean landuko dituenak aurkeztu ditu Udal Gobernuak. Herritarron ongizatea bermatzeko bidean aurten 64 neurriren lanketarekin hasteko konpromisoa hartu du.

Hiru atal ditu planak, izan, bizi eta ekin eta atal bakoitzetik landuko dira egitasmoak. Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete, Nagore Iñurrategi eta Ekaitz Aranberri zinegotziek aurkeztu dute. 

Izan atalean jasotzen den helburuetako bat herritarrekin batera memoria kolektiboa eraikitzea da. Horretarako, besteak beste, gerra eta gerra ondoko gertaeren txostena egingo da. Eta garai hartako biktimei erreparazioa egiteko ekitaldia egingo da apirilean. 

Euskara, elementu bateratzailea izan dadin helburu du Udal Gobernuak eta euskara bergarar guztiok batuko gaituen hizkuntza izateko egitasmoak landuko ditu. Dagoeneko euskara premia berezia duten haur eta familientzat aholkularitza zerbitzua sortzeko lanketa abiatu da. Euskara lan munduan txertatzeko, enpresa bakoitzarentzat proposamen berezituak egiteko lanketa abiatuta dago. 

Hezkuntzari dagokionez, eta bizi atalean sartuta, eskolen arteko zubiak eraikitzeko plana burutuko da. Dagoeneko ekimen jakinekin hasita dago elkarlana. 

Bergararron oinarrizko beharrak bermatzea da beste helburuetako bat eta hori betetzeko bideak, besteak beste, udal etxebizitzak herritarren beharretara egokitzeko lanak hasita daude. 

Eskola kirolaren planteamendu berria ere lantzen ari da udala, lehiatik harago, izan dadin kohesiorako elementu. 

Udaleko kontratazioetan klausula sozialak eta berdintasunekoak txertatzen ari dira dagoeneko eta helburua da hemendik aurrera egiten diren kontratu handietan ere aintzat hartzea. Bestetik, Udalaren kontratazioetan ekonomia soziala bultzatuko da. Ekimen hauen bitartez horrela lan duina bultzatu nahi da. 

Labegaraietan egin den moduan, bizikletentzat aparkalekuak zabalduko dira. Osteta kalekoa izango da hurrengoa. Bestetik, Zubieta-Mahasterreka ardatza berrurbanizatu egingo da, urte amaiera aurretik lehenengo faseko obrak hasiz. San Joxepen eguneko zentro arina martxan jartzeko aukera desberdinak aztertzen ari da Gobernua une honetan. Hauen bitartez Bergara jasangarri eta atseginagoa sortuko da. 

Bergara eukalipto gabeko herria izendatzeko bidean urratsak emango dira. 

Lehen sektorea eta herri jasangarria uztartuko dituen politiken haritik, ekin atalean jasotzen den moduan, bi proiektu aipa daitezke: batetik, ortu komunitarioen proiektua. Laster jarriko da martxan parte hartze prozesua. Helburuak interesatuekin adostu eta irailean izen-emateekin hastea da asmoa. Bestetik, azoka biziberritzeko planetik eratorritako ekintzak garatuko dira. Une honetan galdeketak egiten ari dira, diagnostikoa egiteko. 

Herrigintzan gazteen inplikazioa errazteko helburuarekin. Datorren ikasturtean gazteen foroa sortuko da. Bestetik, haur eta gazteentzako kirol gunea sortuko da. 

Bergararen eraldaketarako kultur mediazioa sustatzeko proiektuen artean, Arrizuriagari dagozkionak daude. Lehenik eraikineko egonkortze lanak egingo dira (urtea amaitzerko) eta ondoren kultur proiektua landuko da. 

Emakumeentzako espazio erreferenteak sortzeko, emakume etxearen proiektua mugimendu feministarekin diseinatuko da. 

Auzolana komunitatea eraikitzeko tresna bihurtzeko helburuz, auzolan deialdi lehiaketa bat egingo da eta eskolekin auzolana sustatzeko esku-hartzeak egingo dira.

Energia plana egingo da, hurrengo seihilekoan martxan jarriko dena, CO2 isurketak murrizteko helburuarekin. 

Bergaran eraldaketa soziala bultzatzeko prozesua herritarrekin batera martxan jarriko da, D2030en markoaren baitan.