Apirilaren 23an Seminarixoan egingo den ekitaldian egingo zaie aitortza publikoa Bergarako 1936ko 'gerrako umeei'. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatutako ekimena da.

Memoria berreskuratzeko lan egiten duen Intxorta 1937 taldeak egindako lanari esker, garai hartan haur ziren eta erbestera behartuta joandako 104 bergarar identifikatu dituzte. Gehienak Frantzian, Sobietar Batasunean eta Belgikan egon ziren erbesteratuta. 1936an 0 eta 16 urte zituzten haur-gazteak eta erbestean jaio zirenak kokatzen dituzte 'gerrako umeen' taldean.

Horietatik bizirik dauden 17 bergarar lokalizatu dituzte. Ildo horretan, dei egin nahi diegu herritarrei garai hartan, eta haur zirela, erbesteratutako bergararren bat ezagutzen badute, horren berri eman dezaten udaletxean alkatetza@bergara.eus helbidera idatziz edota 943 779 100 telefonora deituz.

Garbiñe Arrieta Aztiazaran, Carmen Ambroy Aranzabal, José María Ambroy Aranzabal, Julia Ezenarro Arostegi, Albiñe Azkarate Garai, Luzia Farras Laskurain, Esther Farraz Laskurain, Anastasio Herran Izarra, Maria Carmen Herran Izarra, Sol Telleriarte Eguidazu, Eulogio Diez Sanchez, Ana Maria Arruabarrena Etxezarreta, Manuel Arruabarrena Etxezarreta, Felipe Zuñiga Sanchez, Maria Pilar Urcelay Arenaza,Trini Urcelay Arenaza eta Francisco Urcelay Arenaza. Hauek dira apirilaren 23an egingo den ekitaldira gonbidatu diren herritarrak. Horietako batzuk kanpoan bizi direnez, ezin izango dira bertan egon, baina gehienek baieztatu dute jada bertan egongo direla.

Gaur egungo osasun egoera aintzat hartuta eta bereziki pertsona hauen adina, ekitaldia soilik haiekin eta haien senitartekoekin egingo da.

Iñigo Arregiren 'Egiaren iturria' obra-lana emango zaie oroigarri gisa ekitaldian.

“Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure herriaren memoria berreskuratzea, aurrera egin ahal izateko. Hainbat ekimen lantzen ari da Bergarako Udala. Memoria berreskuratzearekin batera, ezinbestekoa da gertakari historiko latzen ondorioz sufritu duten pertsona horiei guztiei aitortza egitea. 'Gerrako umeei' zor diegu aitortza eta ekitaldi honekin ildo horretan urrats bat emango dugu. Pena da bestelako ekimen zabalagorik egin ahal ez izatea eta herritar gehiagok ez edukitzea hauetan parte hartzeko aukera, baina osasun egoerak zuhurtzia eskatzen digu, bereziki adin nagusiko pertsona hauekin”, Gorka Artola alkatearen ustez.