2.172 liztor beltzen erregina harrapatu dira horretarako egin den kanpainan.

Normalean bi hilabetez egiten badira halako kanpainak, Bergaran hilabetez egin da, eta horregatik dira are esanguratsuagoak aipatutako emaitzak. Kanpaina positiboa izan da beste batzuekin alderatuta, Erlantz Olabarria Gipuzkoako erlezainen elkarteko kidearen eta Bergarako tranpatzearen ardura izan duen pertsonaren ustez.

Esperientzia pilotu gisa egin da Bergarako kanpaina hau. 50 tranpa jarri dira herrian zehar banatuta, kopuru nahikoa handia beste kasu batzuekin alderatuta, adituaren ustez. Astero egin dute tranpen jarraipena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako kanpaina izan da, Bergarako Udalak sustatu eta Gipuzkoako erlezainen elkartearekin elkarlanean egin dena.

Lana egiten aritu den erlezainen elkarteko kideak azaldu duenez, ez zuten uste datu hauek hilabetean jasotzeko aukerarik egongo zenik. Baina, asko lagundu du aurretik leku asko identifikatuta zituela dagoeneko Bergarako Udalak, udaltzaingoak egindako lanaren bitartez, eta horrek lana eraginkorragoa izatea ahalbidetu du. Puntu bero horietan egin dute lan, izan ere, urtez urte kokaleku berberak erabiltzen dituzte liztor beltzek apiak kokatzeko.

Beste leku batzuetan frogak egin dituzte, aurretiaz fokuak identifikatuta eduki gabe eta emaitzak oso bestelakoak izan dira, okerragoak.

Liztor beltzak eragiten duen kalteari aurre egiteko moduetako bat da hau. Hemendik hilabete batzuetara ikusiko da erleetan izan duen eragin positiboa, erasoa saihestu delako, baina jaso den liztor kopurua aintzat hartuta, Olabarriaren ustez, emaitza oso ona izango da.

Herriko puntu desberdinetan jarri dira 50 tranpak, bai herrigunean eta baita auzoetan ere. Daturen bat aipatzearren, Elorregi auzoan, adibidez, puntu bero bat dago eta 136 erregina jausi dira bertan. San Pedroko elizako aterpean, aitzitik 1 edo 2 bakarrik.

Erabili diren tranpak komertzialak dira, pertsonentzat kalterik eragiten ez dutenak. Zuhaitzetan jartzen dira normalean. Sustantzia bat botatzen dute ontzira liztor beltza erakartzen duena, baina ez erlea (horrela ekiditen da erleak ere hiltzea). Likidoak erakarri egiten ditu eta ondoren bertan itotzen dira liztor beltzak.