Datorren astean hasiko dira 'Bergara 2030 egin herrixa' plan estrategikoa garatzeko eragileekin bilerak. Udala, herriko eragile eta herritarren artean egingo den, eta ikuspegi integrala izango duen plana da hau. 

“Etorkizuneko Bergararen diseinua berau osatzen dugunon artean partekatutakoa izan behar da”, hori da egitasmoa gauzatzeko oinarrizko premisa Udal Gobernuarentzat eta ildo horri jarraituz abiatuko dira eragileekin arlokako bilerak. Bilera hauen helburua arloka plan estrategikoak izango duen ekintza plana diseinatzea da, helburuak definitu eta horiek betetzeko ekintzak proposatzea, alegia. 

Maiatzaren 17an, 18;00etan batuko dira pleno aretoan mugikortasun eta lurralde arloetako eragileak gai horiei lotutako ekintza plana diseinatzen hasteko. Hurrengo egunean, maiatzaren 18an, ordu berean, baina UNEDen, ekonomia arloko eragileen txanda izango da. Hurrengo asteetan herritarren arloko eta ingurumen arloko bilerak ere egingo dira. Aurrerago herritarrekin ere egingo da lanketa.

Bestetik, udal barruan dagoeneko hasi dira plan estrategikoko arloetako bilerak egiten. 

2030 urtera begirako plana osatzen hasi aurretik udalerriaren diagnostikoa idatzi da. Hau, apirilaren 15ean aurkeztu zen jendaurrean Seminarixoan egin zen ekitaldian. Erakusketa bat ere osatu da Bergaraz egin den argazki horrekin eta Agorrosin kirol guneko goiko pisuan dago ikusgai apirilaren 23az geroztik, Agorrosin irekita dagoen ordutegian.