Maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta egun hori ardatz hartuta, gaiaz hitz egiteko Trans-formatzen dokumentala eta solasaldia egingo dira. Maiatzaren 27an, 19:00etan, Seminarixoan.

Hala ere, egun horretan ez ezik, urteko gainontzekoetan ere aldarrikatzen ditugu denon eskubideak, eta sexu-orientazio nahiz sexu edo genero-identitatearen diskriminazioaren aurka borrokatzen dugu. Halaber, aniztasunaren eta ikusgarritasunaren alde egiten dugu.

Trans-formatzen HiKiru taldeak ekoiztutako transexualitatearen inguruko film dokumentala da eta Naizen elkarteko familien testigantzak jasotzen ditu, besteak beste. Solasaldia egingo da dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Naizen elkarteko kideekin.

Emanaldira joateko ez da aurrez sarrerarik eskuratu behar.

Bestetik, eta nazioarteko egun honen testuinguruan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) sustatutako 'Gune Anitza' zigilua banatuko da hurrengo asteetan herriko ikastetxe, denda eta ostalaritzako guneetan. Konpromiso argia hartuko dute zigilua jaso eta jarriko dutenek: euren guneetan aniztasunaren alde egin eta gorputz, identitate eta adierazpen oro errespetatzeko konpromisoa.

Arloa: