'Bergara loratzen' hiriguneko leiho eta balkoiak lorez eta landarez apaintzeko lehiaketa egingo da maiatzaren 20tik uztailaren 30era bitarte. Gaur banatu da etxeetan lehiaketaren informazioa eta izena emateko eranskina jasotzen dituen esku-orria. Izena emateko, eranskina bete eta Bergarako Udal Liburutegian aurkeztu beharko da ekainaren 4ra arte, 9:00etatik 20:00etara bitartean. 

Lehiaketaren helburua bikoitza da; balkoiak eta leihoak zaintzen eta apaintzen jarraitzea edo horren ohitura berreskuratzea, batetik, eta bestetik, apainketak ingurugiroari eta herriaren itxurari ekartzen dizkion onurak ere balioan jartzea, naturari keinu bat egitea, alegia.

Bergaran dauden etxebizitzen jabe edo errentariek hartu dezakete parte, baserri atari eta balkoiak ezin izango dute parte hartu. 

Ondorengo irizpideak baloratuko dira: originaltasuna, apainketaren kalitatea, loreen iraunkortasuna eta diseinu floristikoa. Horrez gain, egitura moduan berrerabilitako materiala erabiltzea ere baloratuko da.

Sari-banaketa Oxirondon, Eguazteneko Azokan izango da, ekainaren 16an, arratsaldeko 19:00etan.

Sariak Bergarako dendetan erabiltzeko bonotan banatuko dira ondoren zehazten den bezala:

  • 1. saria: 400 euro.

  • 2. saria: 200 euro. 

  • 3. saria: 100 euro. Sari hau lehiaketan parte hartu dutenen artean zozketatuko da (irabazleak izan ezik).

 

Parte hartzeko oinarriak