Bergarako Udalak, San Martin Agirre herri eskolako zuzendaritzak eta Agorrosin guraso elkarteak egunotan San Martin Agirre eskolan egin diren kalteen inguruan iritzia plazaratu nahi dute:

Aste hasieran, hainbat pertsona eskolako eremuan ibili eta kalteak eragin dituzte eraikinean, fatxadan eta leiho eta pertsianetan...

Herri hezitzaile baten eraikuntzan bidea egiten ari garen herria gara eta errespetuan oinarritutako herria eraikitzeko lanean ari gara bai Udalean zein herriko hezkuntza zentroetan. Horregatik, ez ditugu ulertzen ezta onartzen ere horrelako jarrerak, lekuz kanpo daude gure herrian.

Heziketarako, elkarbizitzarako eta elkarrekin disfrutatzeko eremuak diren erabilera publikorako horiek zaintzea dagokigu guztioi, izan kaleko altzariak, eraikinak, parkeak edo bestelakoak.

Ez da horrelakoak gertatzen diren lehen aldia. Eta orain aste gutxi berritu da eskolako eraikina, gainera. Horrelako jarrerekin, guztion dirua xahutu baino ez da egiten.

Horregatik, egindako kalteak gaitzestearekin batera, ariketa bat egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Pentsa dezaten zer nolako herria nahi duten, nola nahi dituzten izan eraikin eta plaza publikoak eta parte har dezaten guztiok gustura biziko garen herria eraikitzen.

Guk, bitartean, heziketaren bitartez bizikidetzan oinarritutako herria sortzen jarraituko dugu lanean.