'Bergara 2030 Egin herrixa' plan estrategikoaren diseinu fasea dagoeneko bukatuta, Udalak 2030era begirako helburuak jartzeari ekin dio. Horretarako hainbat bilera egin dira herriko eragile eta norbanakoekin, arlo desberdinak jorratuz: mugikortasuna eta lurralde antolaketa, ekonomia, kultura, kirola, euskara, hezkuntza, etab. Apirilaren erdialdean aurkeztu zen diagnostikoa izan da oinarria.

Diseinu fasea amaituta, hortaz, eta helburuak jartzeko, eta hasitako bideari jarraituz, arlokako bilerak egingo dira. Hauek dira datozen egunotarako hitzorduak:

Ekainaren 1ean, 18:00etan, UNEDen: mugikortasuna, lurraldea, biodibertsitatea eta paisaiari dagozkion talde eta norbanakoen bilera ekintzak eta lehentasunak jasotzen hasteko.
Ekainaren 2an, 18:00etan, UNEDen: ekonomiari dagokion talde eta norbanakoen bilera ekintzak eta lehentasunak jasotzen hasteko.
Ekainaren 3an, 18:00etan, UNEDen: Kultura, kirola, euskara, hezkuntza eta gizarte arloari dagozkien talde eta norbanakoen bilera ekintzak eta lehentasunak jasotzen hasteko.
Ekainaren 7an, 18:00etan, pleno aretoan: ingurumen arloari dagozkion talde eta norbanakoen bilera ekintzak eta lehentasunak jasotzen hasteko.

Saio hauetan jasotakoarekin eta udalean egiten ari den barne lanketarekin, plan estrategikoaren helburuak, lehentasunak eta ekintzak markatuko dira. Ildo horretan ari da lanean talde eragilea eta datorren astean mahai politikoak ere ibilbidea hasiko du. Hiru alderdietako ordezkariak gonbidatu dira eta gai hauek landuko dituzte: 2030rako ikuspegiaren formulazioa; helburu estrategiko eta operatiboak zehaztu eta formulatu eta jarduera programa bakoitzaren inguruko ekarpenak bilduko dira.

“Udala herritarrekin oso eskertuta dago izaten ari den parte hartzearekin eta herritarrak zein eragileak erakusten ari diren lanerako eta ekarpenak egiteko prestutasunarekin”, Ekaitz Aranberri, Herritarrak arloko lehendakariaren hitzetan. “Bergara herri bizia eta parte hartzailea dela oso argi gelditzen ari da”, eskerrak ere eman nahi dizkie parte hartzen ari direnei Udalaren izenean.

Plan estrategikoaren prozesuaren paralelo, baserritarren azokari buruzko hausnarketa prozesua ere abiatu zen. Une honetan, hausnarketa prozesua bere bukaerara iristen ari da. Talde bat osatu zen, eta hiru bilera saio egin dira Azokan bertan. Dagoeneko helburuak eta ekintza plana diseinatu dira, eta laster, jasotakoaren emaitzak aurkeztuko zaizkie herritarrei.