Atzo, maiatzak 31, batzartu zen Bergarako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Bileran landutako gai guztiak onartu ziren kontrako bozkarik gabe. 

'Geuretik sortuak' proiektua burutzeko Udalbiltzarekin hitzarmena sinatzea gehiengoz onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin (9) eta EAJ-PNV eta PSEren abstentzioarekin. 

Geuretik Sortuak proiektua euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala da. Euskal Herriko 26 artistek parte hartuko dute ekimenean: idazle, zinegile eta antzerki konpainiak. Euren sorterritik at hiru astera bitarteko egonaldia eginez. Bergarak, Antzuola eta Elgetarekin batera, Oier Zuñiga hartuko du hiru asteko egonaldian. Iruñeko margolari eta eskarmentuko aktore gaztea da Zuñiga. Dolua gaitzat hartuta, ikuskizun bat sortuko du, antzerkia eta dantza fusionatzen dituena. 

Bergararrok, proiektuak emango dituen emaitzetako batzuk herrian bertan ikusteko aukera izango dugu: 5 antzerki emanaldi, eleberri laburrez osatutako liburu osoaren eta film laburrez osatutako film osoaren aurkezpen publikoa. 

Bilkuran bozkatu ziren gainontzeko puntu guztiak aho batez onartu zituzten udalbatzako kideek. Hala nola, aho batez onartu zen Eusko Jaurlaritzari San Martin Agirre HLHI ikastetxean obrak egiteko baimena ematea. Honela, udal jabetzapeko eraikinean konponketa, eraldaketa eta handiagotze obrak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailaren bitartez. 

Bestetik, diru-laguntzen 2019-2021 Plan Estrategikoan aldaketa onartu zen. Honela, PSEk egindako eta udalbatzak onartutako diru-laguntza lerro berri bat txertatu da. Honen bitartez, premia handiena duten familiei lagunduko zaie eskolarako materiala erosten. Eta bide batez, herriko merkataritza ere lagunduko da, bertan erabili beharko baitituzte familia hauek erosketetarako bonoak. 10.000 euroko laguntza bideratu da aipatutako proiektura. 

Galde-eskeen tartean, EAJ-PNVk Zubietako eskola zaharreko eraikinaren inguruan galdetuta, Udal Gobernuak gaia hurrengo bozeramale batzordean lantzeko proposamena egin zien, udalbatza osatzen duten hiru alderdien artean gaia nola bideratu aztertzeko. 

 

Bideoa